2020-10-08
Merkatu Txikia, Arrietakua Jauregira bisita gidatuak eta ontzi tradizionalen zein itsas ondarearen erakusketa antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere 10. urteurrena ospatzeko.
Larunbat honetan, urriak 10, ospatuko da Mutrikun Euskal Kostaldeko Geoparkearen 10. urteurrena, eta horretarako, “Itsas ondarearen jaialdia: Hiru Anai batela, mende bateko historia zuzenean” izenburua duen ekitaldia prestatu da Portuan.
Goizean goiz eta eguerdiko ordu biak arte, Merkatu Txikiko edizio berezi bat antolatu da, bertan, Mutrikuko ekoizleen baserriko produktuak eta arrain kontserbak erosteko aukera edukiko dute herritarrek: baserriko barazkiak, artzain gazta eta bertako produktuekin eginiko marmelada, eztia, txakolina, antxoak edo hegaluzea, besteak beste. Itsasoari loturiko artisautza postu bat ere izango da.
Goizeko 11:30etik aurrera, Hiru Anai batela ikusteko aukera egongo da, Beduolako Elkarteko kideek ontziaren berreskuratze lanak zuzenean egiten dituzten bitartean. Gainera, garai hartako arotzek erabiltzen zituzten lanabes eta erreminten eta itsasoari lotutako materialaren erakusketa antolatu da. Horrez gain, Arku Gain elkarteko kideek, herriko arrantza tresna zaharrak eta baxurako arrantzarako herrian erabili izan diren hainbat tresna erakusgai jarriko dituzte eta amuak nola egiten ziren erakutsiko diete herritarrei, herriko lanbide ohi bat berreskuratuz.
Arratsaldean, Beduolako batel tradizional batean portuan barrena nabigatzeko aukera emango zaie herritarrei. Interesa duen edonork egunean bertan erakusketan eman beharko du izena. Bestalde, Arrietakua Jauregira bisita gidatuak egiteko aukera egongo da eta aurrez erreserba egitea beharrezkoa da hemen.
Ekitaldi hau, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak bultzatzen duen, 2020 Ondarearen Europako Jardunaldien barruan antolatu da. Hauek, ondare kulturalari balioa eman eta haren kontserbazioaren inguruan herritarrak sentsibilizatzea du helburu.