ION LARRAÑAGA, Kantauri Garbia elkarteko presidentea: "Jendearen kontzientzia piztu nahi dugu"

2016-07-21

Ozeanoen Munduko Eguna ospatzeko ekitaldien artean, pasa den ekainaren 11n itsas hondoaren garbiketa egin zen Mutrikuko portuan. Kantauri Garbia elkarteak antolatu zuen ekimena, Geoparkearen eta beste hamaika eragileren laguntzarekin, eta 60 bat urpekari bildu ziren bertan. 


Ekimen horren harira, Ion Larrañaga Kantauri Garbia elkarteko presidentearekin hitz egin dugu.

 

  • Eguna festa giroan igaro izanagatik, ez zen lantegi makala izango portuko itsas hondoa garbitzea. Zenbat zikinkeria atera zenuten? 

Gure kalkuluen arabera, tona bat zabor inguru atera genuen. Kontuan izan behar da Mutrikuko portua ez dela zikinkeria gehien jasotzen duena, bi arrazoirengatik: batetik, biztanleria gutxiko herri bat da Mutriku eta, bestalde, itsas korronteak eta portuaren kokapenak laguntzen du itsasotik datorren zaborra gehiegi ez metatzen bertan.

 

  • Zein dira itsasoan aurkitzen diren zabor ohikoenak?

Itsasoan, orokorrean, jaun eta jabe den zaborra plastikoa da, botilak, poltsak, etabar. Gehienetan, beraien osotasunean eta beste askotan produktu hauek birrinduz joaten dira eta oso arriskutsuak gerta daitezke itsas biziarentzat. Beste hein handi batean, bateriak, arrantzarako sareak, sokak, itsas inguruetatik denboraleek eramaten dituzten gauzak, freskagarri latak, itsasontzien gasolina filtroak... 

 

  • Zikinkeria horrek guztiak zer eragin du itsasoko landare eta animaliengan? 

Zabor honek guztiak itsas landare eta animaliengan eragin bortitza dauka. Gure murgilaldietan ikusten dugu utzitako arrantza sareetan arrain pila bat gelditzen dela harrapatuta eta beraien patua bertan isil-isilik hiltzea dela. Beste arrain asko ikusten ditugu plastiko poltsa bat jan nahi izan dutenak, jateko zerbait delakoan, eta denbora oso laburrean itota hilko direnak. Landare askotan ere kateatuta gelditzen dira plastikoak eta eragin zuzena dute beraien bizi iraupenean. Bestalde, eragin oso toxikoa eta kaltegarria dute bateria, pila, gasolina filtro eta halakoek, ur kantitate beldurgarriak kutsatzen dituzte dendora luzez. 

 

  • Herritarron kontzientziaziorako zer egin behar da?

Kantauri Garbia elkartetik eta beste talde askoren aldetik kontzientzia sortzeko egiten ari garena da hor ezkutuan, ur geruza baten azpian dagoen zabor eta zikinkeria hori guztia kanporatzea, jendeak ikus dezan. Era honetara jendearen barnean kontzientzia hori piztu nahi dugu. Oso garrantzitsua da, baita ere, ume eta gazteengan kontzientzia piztea, lanean has daitezen eta, denon artean, beranduegi izan baino lehen, egoera alda dezagun.

Horretarako, oso garrantzitsua da aktibitateak, hitzaldiak, garbiketak antolatzea eta  zabalpena egitea komunikabide eta sare sozialetan. Bestalde, gero eta laguntza gehiago dugu instituzio, elkarte, enpresa pribatu eta, batez ere, herritarren aldetik, eta hori oso positiboa da. Horrek esan nahi du zerbait aldatzen ari dela. Hori da gure itxaropena eta lanean jarraitzeko motibazio nagusia.

 

ION LARRAÑAGA, Kantauri Garbia elkarteko presidentea: "Jendearen kontzientzia piztu nahi dugu"