Hegaztientzako jantokiak eraikitzeko tailerra antolatu du Mutrikun Euskal Kostaldeko Geoparkeak

2016-11-24

Txorientzako jantokiak eraikitzeko tailerra antolatu dute elkarlanean Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Txantxangorri Aisialdi Taldeak; larunbatean egingo da, 11:00etatik 14:00etara.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Txantxangorri Aisialdi Taldeak elkarlanean antolatuta, txorientzako jantokiak eraikitzeko tailerra egingo da larunbatean Mutrikun. Hitzordua Zabielen izango da, goizeko 11:00etan, eta 14:00ak arte luzatuko da.

Tailerra bi zatitan banatuko da. Lehenik, materialak berreskuratuz eta birziklatuz, txorientzako jantokiak egingo dituzte parte-hartzaileek eta, segidan, herriko lorategi bateko zuhaitzetan kokatuko dituzte. 

Jarduera honekin helburu bikoitza lortu nahi da, batetik, neguan hegaztiei elikatzeko laguntza eskaintzea eta, bestetik, gaztetxoek behaketaren bidez hegaztiak identifikatzen ikastea eta txorien inguruko ezagupena zabaltzea.

Hegaztientzako jantokiak eraikitzeko tailerra antolatu du Mutrikun Euskal Kostaldeko Geoparkeak