2016-04-01
Haurrak hegaztien mundura murgiltzeko asmoz, txorientzako habia kutxak eraikitzeko bi tailer antolatu ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak; apirilaren 8an Deban egingo da eta apirilaren 9an Zumaian.
Animalia askok, tartean txoriek, zuhaitzetan dauden zuloak erabiltzen dituzte gordetzeko edo habia egiteko. Zulo horiek zuhaitz zaharretan egon ohi dira baina, tamalez, zuhaitz zaharrak gero eta urriagoak dira gure inguruetan. Gainera, gure mendietan landatu diren pinuek eta eukaliptoek ez dute ia zulorik. Ondorioz, urritu egin dira lehen ugariak ziren animaliak.
Hegazti horiei laguntzeko asmoz eta, bide batez, haurren artean naturaren ezagutza sustatzeko helburuarekin, habia kutxak eraikitzeko tailerrak antolatu ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Algorri Interpretazio Zentroarekin eta Debanatura elkartearekin elkarlanean.
Bi tailer egingo dira, bata Deban eta bestea Zumaian. Deban, apirilaren 8an egingo da, ostiralez, Gaztelekuan, 14 urteko gazteekin.
Zumaian, berriz, apirilaren 9an egingo da, larunbatez, 11:00etatik 13:00etara, Algorri Interpretazio Zentroan. Tailerrean 8 eta 12 urte arteko gaztetxoek parte hartu ahal izango dute. Halere, 8 urtez azpikoek ere parte hartzeko aukera izango dute heldu batek lagunduta joanez gero. Algorriko hezitzaileen laguntzarekin, haurrek egurrezko habia kutxak eraikiko dituzte. Izen-ematea Algorri Interpretazio Zentrora bertaratuz, 943 14 31 00 telefono zenbakira deituz edo info@algorri.eu helbide elektronikora idatziz egin beharko da. Plaza mugatuak dira.
Egitasmoak jarraipena izango du aurrerago eta eraikitako habia kutxak zuhaitzetan kokatzeko beste irteera bat antolatzea dago aurreikusita.
(Argazkia: Algorri)