Geoparkeko kostaldearen garbiketa egingo da larunbatean, auzolanean

2017-05-24

Europako Geoparkeen Astearen baitan, larunbatean, hilak 27, labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak biltzeko garbiketa egingo da boluntarioekin Deba-Zumaia Biotopoan; Geoparkeak parte hartzeko deia luzatu nahi die herritarrei. 

Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea (Mutriku, Deba eta Zumaia) Europako Geoparkeen Astean murgilduta dabil. Aurtengo ekitaldirik nabarmenena Geoparkearen kostaldeko itsaslabarretan auzolanean egingo den garbiketa izango da, bertan pilatzen diren hondakinak eta plastikoak jasotzeko helburuarekin. Herritarrak ingurune honek duen ingurumen balioaz jabetzea eta kontzientziazio lan horretan auzolanaren bitartez partaide aktibo bihurtzea du helburu ekimenak.

Garbiketa larunbat goizean egingo da, hilak 27, itsasbehera aprobetxatuz, Deba eta Zumaia arteko biotopo babestuan, Elorriaga inguruko labarretan (Itziar, Deba). Geoparkeak ingurune natural hau zaindu beharraren garrantziaz ohartaraztea helburu duen ekintza honetan parte hartzeko deia luzatu nahi die Debako, Mutrikuko eta Zumaiako zein inguruko herritarrei. Boluntarioen laguntza ez ezik, egunean bertan Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zumaiako GKN enpresako langileen eta Surfrider Foundation Europe elkarteko kideek ere laguntza eskainiko dute. 

Goizeko 8:30ean autobusak aterako dira Debatik eta Zumaiatik, boluntarioak Elorriagaraino eramateko, bertatik jaitsiko baitira labarretara. Deban, Alamedatik aterako da autobusa eta Zumaian, GKN enpresatik. Garbiketarekin hasi aurretik, antolatzaileek garbiketa lanak nola egingo diren azalduko diete boluntarioei. Ondoren, eskularruak banatuko zaizkie eta labarretara oinez jaitsiko dira, taldetan antolatuta. Zaborra biltzeko zakuak egun bat lehenago eramango dira tokira bertara. Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek garbiketan parte hartuko duten boluntarioen lana bideratu eta zuzenduko dute.

Tokia harritsua denez, boluntarioei oinetako egokiak eta arropa erosoa eramatea gomendatzen zaie, baita kantinplora bete ur ere. Lanak amaitutakoan, jan-edana eskainiko zaie parte hartzaileei.

Zakuetan jasotako hondakinak labarretatik Elorriagako atsedenlekuan kokatutako guneraino ateratzeko helikoptero bat erabiliko da. Han kamioiak jasoko ditu zakuak, hondakinak Elgoibarko garbigunera eramateko.

Garbiketa lanak direla eta, Elorriagako atsedenlekua itxita egongo da goizez bisitarientzat (14:00ak arte). 

Garbiketan parte hartzeko interesa duten guztiek izena eman behar dute aurrez [eman izena] edota geoparkea@geoparkea.com epostara idatziz, honako datu hauek adieraziz: izen-abizenak, NAN zenbakia, jaiotze-data, eposta eta telefonoa (datu pertsonalak segurua egiteko erabiliko dira).

Europako Geoparkeen Astea, ekainaren 4ra bitarte

Ekainaren 4ra bitarte, denetariko ekitaldiak izango dira Deban, Mutrikun eta Zumaian Europako Geoparkeen Astearen harira, hitzaldiak, doako bisita eta ibilbide gidatuak, argazki lehiaketa… Egitasmo hau Europan egun dauden 69 geoparkeetan egingo da aldi berean, lurralde bakoitzeko ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzeko helburuarekin.

Informazio gehiago: Europako Geoparkeen Astea 2017

*Argazkia: Jose Ramon Iriarte

Geoparkeko kostaldearen garbiketa egingo da larunbatean, auzolanean