Geoparkeko kostaldearen garbiketa auzolanean

2017-05-17

Europako Geoparkeen Astearen baitan, datorren maiatzaren 27an, Euskal Kostaldeko Geoparkearen ekimenez eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Geoparkeko kostaldearen garbiketa egingo dugu auzolanean.

Labarretan pilatutako hondakin eta plastikoak biltzeko garbiketa egingo dugu datorren maiatzaren 27an, larunbata, Deba-Zumaia Biotopoan, Elorriaga inguruko labarretan (Itziar, Deba). Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zumaiako GKN enpresako langileen eta Surfrider Foundation Europe elkarteko kideen laguntza izango dugu. Eusko Jaurlaritzaren "Aztertu" ingurumen heziketarako programak ere bat egin du ekimenarekin. Helburua da herritarrak gai honen inguruan sentsibilizatzea eta ingurumena zaindu eta errespetatzearen garrantziaz ohartaraztea.

BOLUNTARIOAK BEHAR DITUGU

ZATOZ LAGUNTZERA!

Goizeko 8:30ean autobusak aterako dira Debatik eta Zumaiatik, izena ematen duten boluntarioak Elorriagaraino eramateko. 3-4 orduko iraupena izango du ekimenak.

Garbiketan parte hartzeko gutxieneko adina 14 urtekoa da, eta partaide bakoitzari asegurua egingo zaio (datu pertsonalak eskatuko zaizkizue izena ematerakoan).

EMAN IZENA!

*Zabor poltsak telebista saio baten helikopteroarekin aterako ditugu; goiz guztian irudiak grabatzen arituko dira.

**Zehaztasun gehiago emango dizkizuegu datozen egunetan.

 

Geoparkeko kostaldearen garbiketa auzolanean