2025-03-20
Geoparkeko enpresetako ordezkariak Debako Hiru Uhinak hotelean elkartu dira
Turismoaren gaia ardatz hartuta, Geoparkeko Entitate Laguntzaileek bilkura egin dute gaur goizean, Deban. Azken bilera egin zutenetik jasotako nobedadeak konpartitu eta 2025eko jardunari begira jarri dira topaketan parte hartu dutenek, hala nola, Arbe Hotela, Arriola Txiki Nekazalturismoa, Arruan Haundi Nekazalturismoa, Gailur zaldiketa eskola, Goikola Nekazalturismoa, Hiru Uhinak Hotela, Inquieto Navegante belaontzia, Itxaspe Kanpina, Perlakua-Saka Nekazalturismoa, Txindurriturri Sagardotegi eta Nekazalturismoa, Urain Suites Landa-apartamenduak, Zubeltzu Torre Nekazalturismoa, Zumardi Pentsioa eta Zumaia Kanpina ‘Geoparkezaleek’. Haiekin batera, Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriuso, Turismo teknikari Nerea Gaztelu eta Geoparkeko Turismo teknikariak izan dira lan-bileran.
Saioan aztertu dituzten gaien artean, besteak beste, Geoparkeko Bira produktu berriaren merkaturatzea, Euskadiko Behatoki Turistikoaren datuen interpretazioa, Espainiako Ekoturismo Klubaren jarduna eta aukerak, Next Funtsei esker abian diren proiektuen informazioa eta Geoparkearen urteroko ekimenak (azokak, bisita gidatuen programa, Europako Geoparkeen Astea...) izan dira. Saioa amaitzeko, parte-hartzaileen kezkak eta hausnarketak bateratu dira. Bileraren ostean, Hiru Uhinak hotel berria bisitatzen izan dira Entitate Laguntzaileetako ordezkariak.
Lurraldearekiko atxikimenduak eta iraunkortasunarekiko konpromisoak batzen dituen Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo arloko ostatuak eta entitateak biltzen ditu Entitate Laguntzaileen sareak. Gaur egun, 24 kidek osatzen dute sarea, eta laster kide berriak sartuko direla aurreikusten da.