2015-11-23
Argazkilaritza maite dutenek aukera izango dute datorren larunbatean, hilak 28, Geoparkean natura-argazkigintza praktikan jarri eta bertako biodibertsitatea ezagutzeko, Javier Carballo eta Carlos Callejo argazkilarien eskutik.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta eta argazkilaritza eta natura maite dituen edonori zuzenduta, datorren larunbatean, azaroak 28, argazki-irteera egingo da Algorriko haitzetan, marearteko zabalgunearen natura-aberastasuna ezagutu, bertan dauden espezieak identifikatu eta natura-argazkigintzaren hastapenak lantzeko.
Argazkilaritza eta natura zaleek 10:00etan egingo dute hitzordua, Zumaiako Turismo Bulegoan. Handik Algorrira hurbilduko dira. Javier Carballo eta Carlos Callejo argazkilariek gidatuta egingo da ekimena eta 3 ordu eta erdiko iraupena izango du, 10:00etatik 13:30era, marea baxua aprobetxatuz. Marearteko gunearen biodibertsitatea erakusteko Geoparkeko espezialista bat ere bertan egongo da.
Ez da beharrezkoa izango naturari buruz edo argazkigintzari buruzko ezagutza handia izatea. Partaideek euren argazki-kamera eraman beharko dute (reflex, konpakto edo semi konpakto)eta kameraren erabilera aurrez ezagutu beharko dute. Haitzetan ibiltzeko oinetako egokiak ere eraman beharko dituzte.
Parte-hartzea doakoa izango da eta beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Zumaiako turismo bulegoan egingo da izen-ematea, 943 14 33 96 telefonora deituz edo turismoa@zumaia.eus helbide elektronikora idatziz. Gehienez 15 laguneko taldea osatuko da. Saioa elebiduna izango da, euskaraz eta gazteleraz. *Ekimenean parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa izango da.