2013-11-27
Asteburu honetan, larunbat eta igandean, egingo da “Flysch & Karst” Pintxo Lehiaketa Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan. Guztira, Zumaia, Deba eta Mutrikuko 20 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte eta herritarrek gustukoen duten pintxoen aldeko botoa eman ahal izango dute. Saridunen izenak abenduaren 3an emango dira ezagutzera, sari-banaketa ekitaldian.
Flysch eta Karst pintxoak hautatzeko asmoz, Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu duen “Flysch & Karst” Pintxo Lehiaketan Mutriku, Deba eta Zumaiako 20 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte.
Hona hemen parte-hartzaileen izenak:
ZUMAIA (6):
MUTRIKU (4):
DEBA (10)
Herritarrek asteburu honetan zehar, larunbat eta igandean (azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean) izango dute aukera pintxoak dastatzeko eta gustukoenen alde botoa emateko. Horretarako, pintxoarekin batera parte-hartzeko kupoiak banatuko dira eta botoak jasotzeko kutxak ipiniko dira establezimendu parte-hartzaileetan. Herritarren parte-hartzea sustatu nahirik, saria zozkatuko du Geoparkeak botoa ematen duten herritar guztien artean: bi lagunentzako bisita gidatua eta GeoGourmet otar bat.
Bi kategoria ditu lehiaketak, Flysch pintxoa eta Karst pintxoa, eta establezimendu bakoitzak gehienez 2 pintxo aurkeztu ahal izango ditu kategoria bakoitzeko.
Pintxoek Geoparkeko bi elementu geologiko garrantzitsuenak irudikatu behar dituzte, Flyscha eta Karsta. Pintxoak sortzerakoan, garaiko eta bertako produktuen erabilera sustatu nahi du Geoparkeak. Pintxoen gehienezko salmenta-prezioa 2 eurokoa izango da.
Sariak
Abenduaren 3an epaimahaiak pintxo irabazleak aukeratuko ditu, kategoria bakoitzeko bana, eta sariak banatuko dira: 300 € eta diploma. Epaimahaiak kontuan hartuko dituen irizpideak dira: balio gastronomikoa, bertako produktuak, estetika, kalitatea-prezioa eta orijinaltasuna eta teknika. Azken erabakia hartzerako orduan, herritarren botoak aintzat hartuko ditu epaimahaiak.
Egitasmoaren helburuak
Geoparkeak, egitasmo honen bitartez, Geoparkeko lurraldea ondoen ordezkatzen duten bi pintxoak hautatu nahi ditu. Sorkuntza gastronomikoek “Flysch pintxoa” eta “Karst pintxoa” izena hartuko dute. Helburu nagusi bat du ekimenak, Geoparkearen irudia zabaltzeko eta bisibilitatea emateko elementu promozional berriak edukitzea, herritarrei zein kanpoko bisitariei begira.
Baina lehiaketak beste helburu batzuk ere baditu, hala nola, baserritarren eta ostalarien arteko elkarlana bultzatzea, bertako produktu freskoak kalitatezko sukaldaritzarekin batzea eta hiru herrietako ostalaritza-sektorea dinamizatzea.
Egitasmoa Geogourmet proiektuaren barruan kokatzen da, Geoparkeko nekazaritzako elikagaien sektorea sustatzea helburu duena.