Geoparkearen Dinamizazio Ekonomikoa eta Natura Turismoa jorratzeko Topaketak

2013-03-15

Euskal Kostaldeko Geoparkeak, HAZIk (Landa eta Itsas ingurunearen garapenerako Eusko Jaurlaritzako Korporazioak) eta Fraisoroko Eskolak antolaturik, DEBEMEN eta URKOME Landa Garapeneko elkarteen laguntzarekin, atzo, martxoak 14, Debako Salegi Jatetxean Topaketak burutu ziren Geoparkearen dinamizazio ekonomikoa eta natura turismoa jorratzeko.

Topaketa hauetan Geoparkeko lurraldeko ekoizle, ostatu, jatetxe edo/eta beste aktibitate batzuetako 40 enpresak parte hartu zuten, Geoparkeko eremu honetan martxan jarri daitezkeen elkarlanerako proiektuak eta ideia berriak sortu eta garatzeko.

Lehenengo saio honetan, Leire Barriusok, Geoparkeko Gerenteak, Euskal Kostaldeko Geoparkeak zabal ditzakeen aukeren berri eman zuen, garapenerako tresna izateaz gainera, internazionala den Marka errekonozitu bat delako, besteak beste. Geoparkearentzako nekazaritzak eta landa eremuak duten garrantzia azpimarratu zuen, kalitate oneko eta nortasun handiko elikagai zein lehengai osasungarriak ekoizteaz gainera, espazioaren kudeatzailea eta natur baliabideen, bioaniztasunaren eta paisajeen administratzailea eta kultur-ondareari eusteko funtzeskoak baitira.

Carmen Arrazolaren eskutik, erreflexiorako menua “dastatzeko” aukera izan zuten, berrikuntzarako aukerak eta aliantzak sustatzearen abantailak aztertuz.

Jarraian, HAZIko landa garapenerako teknikari eta Geoparkeko landa eremuko dinamizatzaile Leire Zaballak Geoparkean martxan jar daitezkeen zenbait ideia bota zituen, eta gaur egungo gure aldeko tendentziak aprobetxatzen dituzten hainbat ekimen eta proiektuen adibideak aurkeztu zituen, eredugarri eta inspirazio iturri izateko asmoz.

Bukatzeko, HAZIk Jatorrizko Deiturak promozionatzeko duen programa baten barruan, gerturatutakoek Idiazabal gazta, Arabar Errioxako ardoa eta Araba, Getaria eta Bizkaiko Txakolin dastaketa batean parte hartzeko aukera izan zuten, Mikel Garaizabal enologoak gidatuta.

Aurkezpena deskargatu dezakezu hemen (pdf-a)


None
Geoparkearen Dinamizazio Ekonomikoa eta Natura Turismoa jorratzeko Topaketak