2023-06-12
Naturak erakutsi digu zein garrantzitsua eta ezinbestekoa den eboluzionatzea bizitzan aurrera egin nahi bada. Animalia ugarik egiten duten bezala, guk ere azala mudatu dugu eta irudi korporatibo berria aurkeztera gatoz. Dosges enpresak diseinatutako logo berria erabiliko dugu aurrerantzean Euskal Kostaldearen Geoparkearen aurpegi gisa; izan ere, 14 urte pasa dira gure irudia finkatu genuenetik eta markaren diseinua eguneratzeko garaia dela erabaki dugu.
Geoparkearen funtsa ez da aldatu eta bere balio eta helburuei eutsiko die aurrerantzean ere. Hori dela eta, logo berria zaharraren bilakaera naturala dela esan dezakegu. Geoparkearen irudia indartu eta modernizatzera dator logo berria, irudi sinpleago bati esker. Berezko nortasuna duen marka bat osatu dugu, pertsonalitatea eta indarra duena eta euskal hizkien berezko zeinuak iradokitzen dituena. Logoak eskematizatzera egin du, flyscharen irudikapen berri baten bitartez. Koloreak, aldiz, soilagoak eta mugatuagoak dira marka-irudi berrian, urdin iluna nagusi delarik.
Beraz, hurbilekoa eta gaurkotuagoa den irudi berria osatu du Geoparkeak, hemendik aurrera proiektuaren erakusleiho izateko helburuarekin. Azala aldatu dugu; funtsa, ez.