Euskal Kostaldeko Geoparkeak ebaluazio misioa jaso du UNESCOren Munduko Geoparke izendapena berresteko

2022-06-14

Gaurtik ekainaren 17ra, Geoparkeen Munduko Sareko bi ebaluatzailek Geoparkearen kudeaketa eta esparru ezberdinetan egin diren aurrerapausoak aztertuko dituzte, dibulgazioan, ikerketa zientifikoan, kontserbazioan eta natura turismoa, hain zuzen ere. 

2018. urtean bigarren errebalida prozesua “txartel berdearekin” gainditu ostean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak bi ebaluatzaileren bisita jaso du gaur UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari beste lau urtez eutsiko dion erabakitzeko.

UNESCOko bi ebaluatzaileren bisita gaurtik hasi, hilaren 14an, eta ostiral arte luzatuko da, hilak 17. Ebaluatzaileak Alemania-Poloniako Muskau Arc UNESCO Global Geoparketik eta Italiako Pollino UNESCO Global Geoparketik datoz. Bisitaren helburua da Geoparkearen azken lau urteotako kudeaketa eta eman diren aurrerapausoen azterketa sakona egitea UNESCOren Munduko Geoparke izateko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko.

Lau egunez ebaluatzaileak erakundeetako ordezkariekin, teknikariekin eta zonaldeko eragile ezberdinekin elkartuko dira eta Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatuko dituzte.

Gogoratu behar da Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010az geroztik dela UNESCOren Munduko eta Europako Geoparkeen Sareko kidea. UNESCOren Munduko Geoparkeek izendapen hau lau urterako eskuratzen dute eta, epe hau igarota, berriro aztertzen da Geoparkearen funtzionamendua eta kalitatea, errebalida prozesu zorrotz baten bitartez. Azterketaren emaitza uda ostean emango dute ezagutzera.

Ebaluatzaileen izenak:

  • Mr Manfred Kupetz - Muskau Arc UNESCO Global Geopark, Germany-Poland.  
  • Mr Egidio Calabrese - Pollino UNESCO Global Geopark, Italy.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak ebaluazio misioa jaso du UNESCOren Munduko Geoparke izendapena berresteko