2016-02-29
Larunbatetik aurrera, Geoparkeak bisita gidatuen programa jarriko du abian eta martxoan eta apirilean astebururo hainbat proposamen eskainiko ditu. Erreserbak egin daitezke jada www.geoparkea.com webgunearen bitartez.
Martxoko lehen asteburu honetan hasi eta martxoan eta apirilean zehar astebururo, Geoparkeak publiko zabalari zuzendutako era guztietako proposamen erakargarriak eskainiko ditu, ondare geologikoa eta naturala protagonistatzat hartuz. Bisita gidatuak Geoparkeko hiru herrietan eskainiko dira, Mutrikun, Deban eta Zumaian. Erreserbak egin daitezke jada webgunearen bitartez.
Datozen bi hilabeteetarako aurreikusi diren bisita gidatuen artean, nabarmentzekoak dira kostaldeko labar ikusgarriak ezagutzera ematera bideratuta dauden irteerak, bai oinez, bai itsasontziz. Geoparkeko harkaitzetan hainbat gertakari gelditu dira jasota, hala nola, dinosauroen desagerpena edota Lurraren aldaketa klimatiko handiak. Bisita gidatuek geologia, edertasun handiko paisaiak, kultura eta turismoa uztartzen dituzte.
Aste Santuan eta Pazko Astean Geoparkeak nabarmen handituko du bisita gidatuen eskaintza, turista eta bisitariak hiru herrietara erakarri asmoz.
Geoparkea, Sevatur turismo azokan
Aurreko urteetan bezalaxe, Euskal Kostaldeko Geoparkea Sevatur turismo azokan egongo da. Martxoaren 4tik 6ra bitartean egingo da, Donostiako Kursaal Jauregian.
Gipuzkoako standaren barruan izango du tokia Geoparkeak eta bertan geoturismo eskaintzari buruzko informazio osoa zabaltzea izango du helburu, bisita gidatuen programa eta Geoparkea osatzen duten hiru udalerriei buruzko xehetasunak (Mutriku, Deba eta Zumaia).
Ostiraletik igandera bitartean, goizeko 10.30etik 14:30era eta arratsaldeko 16:00etatik 20:30era zabalduko ditu ateak bisitariarentzat.