Geoparkea "zaindu eta ikerkuntza zientifikoa bultzatzeko konpromisoa" berretsi dute Aldundiak eta Stanley Finney Geoparkeko Batzorde Zientifikoaren presidenteak

2017-05-18

Markel Olano diputatu nagusiak harrera egin dio IUGSeko idazkari nagusi eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko Batzorde Zientifikoaren presidente Stanley Finney geologo ezagunari.

Markel Olano diputatu nagusiak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak harrera egin diote gaur goizean, Donostian, Stanley Finney Geoparkeko Batzorde Zientifikoaren presidente eta IUGSeko idazkari nagusiari (International Union of Geological Sciences). Ondoren izandako bileran, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen balio geologiko, natural eta kultural nagusiak ikerkuntza bultzatuz zaintzea eta zientziaren arloan mundu mailako erreferentea izaten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute Olanok eta Finneyk.

Aldundian egin den ekitaldian, Olano, Aizpuru eta Finneyrekin batera izan dira Pedro Bengoetxea Debako alkatea, Oier Korta Zumaiako alkatea, Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea, Geoparkeko gerente Leire Barriuso, eta Geoparkeko zuzendari zientifikoa, Asier Hilario.

2013an Aldundiak eta IUGSek hitzarmena sinatu zuten Zumaiako estratotipoak zaindu eta kudeatzeko. Aldundian gaur Finneyri egindako harrera ekitaldian, diputatu nagusiak hitzeman du Aldundiak Gipuzkoako altxor geologiko hau “ondo zaindu eta kudeatuko” duela; eta IUGSek, aldiz, “mundu osoan zehar Geoparkearen eredua erreferentetzat hartzeko eta zabaltzeko” konpromisoa hartu du. Finneyk hamaika publikazio eta konferentziatan gure Flyscha, Deba-Zumaia Biotopoa eta Geoparkea erakutsi ohi ditu munduan zehar. “Ikerketa zientifikoa bultzatzea geologian mundu mailako erreferente izaten jarraitzeko aukera bakarra izateaz gainera, proiektuaren sinisgarritasuna areagotzen du” gaineratu du Olanok. Finneyk, bere aldetik, azpimarratu du “Deba, Mutriku eta Zumaia bitarteko Geoparkearen kudeaketa oso ona dela”, eta gune natural bakar honen kontserbazioa eta balio zientifikoa ezagutzera emateko Aldundiak egindako lana azpimarratu du.

Finneyk 2009. urtean egin zuen bere lehen bisita gurera, Aldundiak babestu zuen “Flysch, Haitzen hitza” dokumentala grabatzeko. Geroztik, flyscharen eta Geoparkearen lagun eta kolaboratzaile estu bihurtu da. Esaterako, 2010ean, Zumaiako Itzurungo hondartzan urrezko iltzeak jartzera etorri zen. 2012. urtean, IUGSeko zuzendaritza batzordea Aldundiko jauregian egin zen, berak proposatuta. Eta 2012az geroztik, Geoparkeko Batzorde Zientifikoaren presidentea dugu Fynney.

2013an, Aldundiak eta IUGSek hitzarmena sinatu zuten Zumaiako estratotipoak zaindu eta kudeatzeko. Horrez gainera, 2015ean, nazioarte mailako “Anthropocene” dokumentala Geoparkera ekarri zuen Jennifer Baichwall zinegile kanadiar ospetsuaren eskutik. Eta 2016an, Geoparkeko estratotipoak Victoria and Albert Museum of Londoneko bilduma ibiltari batean sartu zuen.

Bihar, ostirala, Geoparkearen Batzorde Zientifikoak lehen bilera izango du Deban, zientzialariei Geoparkearen plan estrategikoaren berri eman eta beraien partaidetzaren garrantzia azpimarratzeko. Eta arratsaldean, 18:00etan hasita, Donostiako Olatu Talkaren programazioaren barruan, Stanley Finney bera eta Geoparkeko Batzorde Zientifikoko beste 5 kide Geo-Talks ekitaldian izango dira geologia, ekologia eta aurrehistoriari buruzko 6 hitzaldi labur eskaintzeko. Hitzaldiez gainera, musika, bertsoa eta antzerkia uztartuko ditu ikuskizunak.

[Bideoa: Gipuzkoako Foru Aldundia]

(Argazkiak: Gipuzkoako Foru Aldundia)
Geoparkea "zaindu eta ikerkuntza zientifikoa bultzatzeko konpromisoa" berretsi dute Aldundiak eta Stanley Finney Geoparkeko Batzorde Zientifikoaren presidenteak