2026-04-17
Euskal Kostaldeko Geoparkeak gertuko sendabelarrak ezagutzeko txangoa antolatu du datorren apirilaren 26rako. Oikiako plazatik 10:00etan abiatuta eta Mentxu Amunategi adituaren laguntzaz, gertuko zelaiek eta basoek gordetako sekretuak ezagutuko ditugu, usadio zaharretan murgilduko gara, eta gaur egungo jendartean sendabelarrek eskainitako aukeraz hitz egingo dugu, goizean zehar (hiru ordu inguruz).
Ekimena publiko orokorrari zuzenduta dago, izan ere, txangoaren ibilbidea bi kilometro ingurukoa da eta profil erraza du. Gehienez 25 lagunek parte hartzeko tokia egongo da. Txangoa euskaraz eta doan izango da baina aurrez izena eman behar da honako loturan edo Zumaiako Turismo Bulegoan (943 14 33 96).
Sendabelarren erabilerak munduko kultura guztietako antzinako praktiketan ditu sustraiak, eta ohitura horrek milaka urte ditu. Gure artean ere hala izan da, eta, gutxi edo asko, denok ezagutzen dugu oinarrizko propietate sendagarriren bat duen landareren bat edo beste.
Ondo erabiliz gero, haren konposatu aktiboek —esentzia-olioek, alkaloideek, flabonoideek, taninoek edo erretxinek— sintomak arindu edo gaixotasunak prebenitu ditzakete. Alabaina, gaizki erabilita, edo ezjakintasunez, haien kontsumoak sor ditzakeen arazoak ere ez dira hutsalak. Horregatik, medikamentuekin dituzten elkarreraginak, dosi okerrak edo balizko alergiak direla eta, pertsona oso adituen eskutik erabiltzea gomendagarria da.
Askorentzat egozentrikoa den ikuspegi batetik, gaur egun zerbitzu ekosistemikoez hitz egiten dugu, pertsonok ekosistemetatik lortzen ditugun onurez hitz egiten dugunean. Eta askotan aipatzen den zerbitzu ekosistemiko horietako bat, hain zuzen ere, sendabelarrek eskainitakoa da: ekosistemak suntsitzearen ondorioz galtzen baditugu, haien propietate ezezagun asko galdu ere egingo lirateke, erremediorik gabe.
Urrutira joan gabe, beraz, bide bazterrean erraz aurkituko ditugu zauriren bat sendatzen, edo minaren bat arintzen lagunduko digun landarerik. Eta horiek ezagutzera goaz. Gainera, txangoa bukatzeko, Amunategik mokadutxoa prestatuko du landare jangarriak erabilita. Bazatoz?
