2024-10-30
Azaroaren 9ko hondakin-bilketan parte hartzeko aurrez izena eman behar da
Let,s Clean Up Euskadi ekimenarekin bat egin eta azaroaren 9an (larunbata) Zumaiako Santiagotxiki ingurunea garbitzeko deialdia egin du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Pilatzen joan diren hondakin txikiak jasotzea da helburua; alde batetik, paduran, eta bestetik, Zuloagaren etxea eta dunak inguratzen duten bideetan. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du Geoparkeak.
Let’s Clean Up Euskadi! Let’s Clean Up Europe! ekimenaren emaitza da. Hondakinen Prebentziorako Europako Asteak sustatua. 2024 kanpainaren helburua herritarrak eta parte hartzen duten erakundeak sentsibilizatzea da, lurzoru osasungarria eta hondakinik gabea mantentzearen garrantziaz, pertsonentzako eta ingurumenerako zerbitzu ugariren iturri baita.
Santiagotxiki gunea Natura 2000 Sareko Urola itsasadarraren Kontserbazio Bereziko Gunearen kanpoaldean dago eta kostaldeko habitat garrantzitsuak ditu. Esan bezala, badiaren barruko aldean padurak daude eta leku hori migrazioetan dauden hegaztientzako oso garrantzitsua da, hegaztiok bertan geratzen baitira atseden hartzeko eta elikatzeko. Beste aldean, berriz, itsas bazterrean pilatutako hareatza dago, eta han zabaltzen da euskal kostaldean oso urria den landaredia; dunetako landaretza, alegia.
Bada, itsasoak, uholdeek eta mareek ekarrita inguru guzti horretan hondakin dezente pilatzen da eta inoiz Gipuzkoako Foru Aldundiak jaso izan baditu ere, urtero-urtero zabor berria heltzen da bertara. Pertsona anonimo batzuek ere lan izugarria egin dute eta pixkanaka-pixkanaka gunea garbitzen joan dira, eta hori oso eskertzekoa da.
Dena den, hondakin handienak kentzen badira ere, lurrean bestelako batzuk geratzen dira, txikiak eta apenas ikusten ez direnak, gehienetan. Horietan jarriko dugu oraingoan indarra. Izan ere, hondakin txiki horiek janaritzat hartzen dituzte gunea bisitatzen duten animaliek eta horiekin asetzen dira benetako elikagaiak kontsumitu gabe. Ondorioz, eta barrenak plastiko, kristal eta paperez betetzen dituzte eta, jakina, hau hilgarria da animalientzat.
Azaroaren 9ko garbiketa guneka eta taldeka banatuta egingo dugu. Hitzordua 11:00etan jarrita dago, Zumaiako Santiagotxiki inguruan N-634 errepidearen beste aldeko aparkalekuan. Azalpen labur bat entzun ondoren, parte-hartzaileek ordubetez ariko dira paraje horietan hondakinak biltzen. Bukatzeko, sortutako ideiak eta hausnarketak partekatzeko tarte bat izango da. Guztira, bi ordu inguruko ekimena izango da.
Izena emateko inprimaki hau bete behar da. Euskal Kostaldeko Geoparkeak aurrez eskertu nahi ditu garbiketa-ekintza honetan boluntario gisa parte hartuko duten herritarrak.