2025-03-06
Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkaritza bat, Geoparkeko gerente Leire Barriuso eta bertako zuzendari zientifiko Asier Hilario, hain zuzen, Frantziako hiriburuan dira egun hauetan, UNESCOren egoitzan egiten ari diren hainbat nazioarteko bilkuretan parte hartzen.
Batetik, herenegun, Espainiak UNESCOren aurrean duen Ordezkaritza Iraunkorrarekin eta Enbaxadore Ordezkari Iraunkorrarekin, Miquel Iceta i Llorensekin, egin zen bileran parte hartu du Geoparkeak, Espainiako gainontzeko geoparkeekin batera. Bestalde, “Ekimen estrategikoak eta lankidetza UNESCOrekin” izenburupean atzo ospatu ziren Geoparkeen Munduko Sarearen (GGN) Batzorde Betearazlearen bileran eta Europako Geoparkeen Sarea Koordinatzeko Batzordearen 51. bilkuran parte hartu dute Geoparkeko ordezkariek. Asier Hilario geologoak 'Geodiversity for Sustainable Development' (Ggarapen iraunkorrerako geodibertsitatea) mahai-inguruan parte hartu du, nazioarteko eremuko lankideekin. Guztira, Europako 28 herrialdetako 109 geoparke elkartu dira topaketa honetan.
Bilkurez gain, Lurraren Zientzietako UNESCOren programa enblematikoa den IGGPren Geozientzien eta Geoparkeen Nazioarteko Programaren hamargarren urteurrena ospatzeko aprobetxatu dute jardunaldia. Geoparkeak parte hartze aktiboa izan du bai urteurrenaren ospakizunean baita aipatu bileretan ere.