Geoparkea Fitur turismo azokan izango da aurten ere

2018-01-16

UNESCOren Munduko Geoparkeen geoturismo eskaintza aurkezteko ekitaldian parte hartuko du Euskal Kostaldeko Geoparkeak ostegunean, hilak 18, Andaluziako standean.

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea FITUR nazioarteko turismo azokan izango da beste urte batez. Madrilen egingo da, urtarrilaren 17tik 21era.

Geoparkeak Euskadiko erakustokian emango du ezagutzera bere geoturismo eskaintza zabala, Euskal Kostaldearen txokoan.

Gainera, joan den urtean bezala, Geoparkea Europako UNESCO Geoparkeen Sarearen babespean joango da Fiturrera eta txoko berezia izango du bertan beste bost Geoparkerekin batera: Naturtejo (Portugal), Sobrarbe-Pirinioak (Huesca), Villuercas-Ibores-Jara (Extremadura), Las Loras (Burgos-Palentzia) eta Lanzarote (Kanariar Uharteak).

Geoparkea ordezkatuz, Zumaiako, Debako eta Mutrikuko alkateak joango dira Madrilera. Haiekin batera izango dira hiru udalerrietako turismo bulegoetako arduradunak, eta Geoparkeko lantaldea, Leire Barriuso gerenteak eta Asier Hilario zuzendari zientifikoak osatua.

'GEOPARQUES' argitalpen berriaren aurkezpena

Aurkezpena ostegunean egingo da, hilak 18, arratsaldeko 16:00etan Andaluziako pabilioian. Andaluziako Juntako Turismo eta Ingurumen kontseilariak izango dira bertan, estatuko Geoparkeen Batzordeko eta Munduko Geoparkeen Sareko presidenteekin batera.

Ekitaldira bertaratzen diren guztiek 'GEOPARQUES' izeneko argitalpen berria eskuratu ahal izango dute. Ia 100 orrialde ditu, koloretan, eta egun estatuan dauden hamaika Geoparkeen aurkezpen bana jasotzen du, baita bakoitzaren geoturismo eskaintza ere.

Geoparkea Fitur turismo azokan izango da aurten ere