Euskal Kostaldeko Geoparkeak ‘Geoparkeko Bira’ sustatuko du Fitur 2025 turismo azokan

2025-01-14

Euskal Kostaldeko Geoparkeak urteroko hitzorduari eutsikio dio eta Fitur nazioarteko turismo azokan parte hartuko du aurten ere. Urtarrilaren 22tik 26ra ospatuko da feria, Madrilgo Ifema erakustazokan. Hain zuzen, bi stand ezberdinetan presentzia izango du Geoparkeak. Batetik, Euskadiren gunean egongo da eta, bestetik, Munduko Geoparkeen Espainiako Sareak jarriko duen standean. Geoparkeko herrietako alkateen, zinegotzien eta turismoko teknikarien ordezkaritza zabalak parte hartuko du lurraldea sustatzeko asmoz azoka-egunetan antolatuko diren jardueretan.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak sortu duen azken produktu turistikoa, ‘Geoparkeko Bira’, aurkeztuko du Fiturren Leire Barriusok, Geoparkeko kudeatzaileak: Geoparkea hiru etapetan zeharkatzen duen 54 kilometroko ibilbide zirkularra da Bira. Kostaldeko GR ibilbide arrakastatsua luzatzeko eta lurraldearen barnealdea (Olatz, Lastur, Itziar) ezagutarazteko apustua da. Hiru etapatan banatutako trazaketa, azken batean, proposamen berri bat da lehendik dauden bidezidorretatik eta bideetatik igarotzen den Geoparkea sakon ezagutzeko. Geoparkeak Entitate Laguntzaile diren zerbitzu turistiko eta ostatuak sustatuko ditu, produktu turistiko berri honekin. Urtarrilaren 23an, ostegunean, da hitzordua, 10:00etan Euskadiren gunean (9 pabiloia, C06); eta Munduko Geoparkeen Espainiako Sarearen erakusmahaian, 13:00etan.

Bestalde, Geoparkearen promoziorako bideo berria ere jendaurrean aurkeztuko da turismo azokan. Geoparkearen aurkezpen txartel berria izateko jaio den ikus-entzunezko pieza honetan, ondare geologikoa, naturala eta kulturala batu nahi izan dira lurraldearen irudi osatuagoa eta eguneratuagoa eman asmoz.


Nazioarteko erakusleihoa

Fitur turismo-sektoreko erreferentziazko ekimena bihurtu da eta bere ibilbide luzean topagune globala eta negoziorako plataforma ere bilakatu da turismo-industriako profesionalentzat. Lehen hiru egunetan, Fitur bisitari profesionalei bakarrik irekitzen zaie, eta asteburuan zehar, berriz, baita publiko orokorrari ere.

Munduko Geoparkeen Espainiako Sarea bigarren urtez jarraian egongo da FITUR Nazioarteko Turismo Azokan eta Geoparkea ere hastapenetik egon da bertako standean. Aurten 10 urte bete dira UNESCOren Batzar Nagusiak UNESCOren Munduko Geoparkeen sorrera berretsi zuenetik. Geoparkeen berezitasunak eta paisaien ikusgarritasunak bat egingo dute eskaintza turistiko berritzaile bat proposatuko duen Munduko Geoparkeen Espainiako Sarearen standean. Fiturren 45. edizio honetan, Ifemako 7.a.19 pabiloian elkartuko dira Espainiako, Portugalgo eta Latinoamerikako geoparkeak.

Fiturren edizio honetan, Geoparkeak modu digitalean ere parte hartuko du, izan ere, Euskal Kostaldeko Geoparkearen eta Munduko Geoparkeen Espainiako Sarearen Twitter, Facebook eta Instagram kanalak erabiliko ditu komunikaziorako #geoparquesfitur25 traolarekin.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak ‘Geoparkeko Bira’ sustatuko du Fitur 2025 turismo azokan