Euskarazko lehen pop-up liburua sustatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak

2026-04-21

Lehen aldiz osorik bertan egindako euskarazko haurrentzako pop-up liburu ikusgarria aurkeztuko da apirilaren 23an, Geoparkearen eskutik. Zumaiako Oxford aretoan 19:00etan jarrita dago hitzordua, Zumaiako Udalak irakurzaletasuna sustatzeko antolatu duen 'Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira' ekimenaren baitan. Izan ere, Irene Irureta ilustratzailearen proiektu honek Zumaiako Udalaren iazko sormen beka irabazi zuen. Geoparkeak Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren babesa izan du egitasmo honetan.

Irudi altxagarrien liburu ugari dago euskaratuta, haur eta gazteen gozamenerako, baina etzi aurkeztuko den ‘Flysch pop-up’ hau da euskaraz eta osorik Euskal Herrian egin den lehenbizikoa. Argitaletxea, Nafarroako denonartean; ilustratzailea eta paper ingeniaria, Irene Irureta; eta gidoigilea, Asier Hilario; guztiak euskaldunak dira.

Irene Irureta artista zumaiarrak ilusioarekin bizi du liburuaren aurkezpenaren bezpera:Erditze bat bezala da, azken finean, prozesu oso luzea izan da-eta orain dela urte eta erdi hasi nintzenetik”. Iruretari betidanik asko gustatu izan zaizkio irudi altxagarridun liburuak eta Euskal Herrian euskaraz egindakorik ez zegoela konturatu zenean erabaki zuen bat sortzea. “Proiektu pertsonal gisa hartu nuen”, dio paper ingeniariak.

Liburuan zehar tartekatzen diren lau testu ilustratu eta beste hainbeste altxagarrien bitartez, Geoparkean eman diren Lurraren Historiako une esanguratsuak irudikatzen dira, hala nola, flyscharen sorrera, dinosauroen desagerpena, Historiaurreko gizakien arrastoa Ekain kobazuloan... Haurrek modu dibertigarrian historiaz ikasteko aukera paregabea eskaintzen du bildumak eta, gainera, letra larriz idazten den Historia hori bizi diren ingurunean bertan gertatu zela jabetzeko balioko die.

Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa den Asier Hilario geologoak aholkulari eta gidoilari lanak egin ditu liburuan. Hilariok aitortu du “iIusio handia” egin ziola bertako artista baten proposamena jasotzeak: “Balio berezia ematen dio, gainera, proiektua oso ondo egokitzen da Geoparkearen estrategiarekin: bertan egindakoa da; gure lurraldearen balio natural, geologiko eta kulturalen dibulgazioa egiten du; eta euskaraz da. Hiru gauza hauek ondo definitzen dute Geoparkea zer den eta zertarako den”.

Zumaiako alkate Iñaki Ostolazaren aburuz ere herritar batek horrelako liburu bat egitea oso garrantzitsua da. “Gure seme-alabak horrelako liburuekin ibiltzen zirenean, gaztelaniaz edo ingelesez sortuak eta itzulitakoak izaten ziren. Orain, euskaraz ekoiztu eta idatzi den lehendabiziko pop-up liburua zumaiar batek egitea eta aurkeztea harrotasunez betetzen gaitu. Euskara eta kultura sustatzeko ematen ari garen beste urrats bat da”, adierazi du Ostolazak.

Flysch Pop-up’ liburua dagoeneko salgai dago Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoetan, 25 euroren truke. Gainera, liburu-dendetan eta papertegietan ere aurki daiteke.

Euskarazko lehen pop-up liburua sustatu du Euskal Kostaldeko  Geoparkeak