2024-07-19
Urriaren 22tik 24ra Euskal Kostaldeko Geoparkean egingo den Ekoturismoaren VII. Nazio Batzarra gerturatzen ari den honetan, biltzarrean izena emateko epea irailaren 3an zabalduko dela iragarri dezakegu. Data horretatik aurrera, interesatuek aurrez izena emateko formularioa eskuratu ahal izango dute, batzarraren webgune ofizialean, baita izena emateko prozesuaren xehetasunak ezagutu ere.
Batzarraren zazpigarren ekitaldia urriaren 22tik 24ra egingo da, Zumaian, eta 200 profesional bilduko ditu estrategiak aztertzeko, ezagutzak partekatzeko eta Espainiako ekoturismoaren orainaz eta etorkizunaz eztabaidatzeko. Horregatik, interesa dutenei dei egiten zaie izena emateko datari adi egoteko, aurreko edizioetan lekuak aste gutxiren buruan bete baitziren.
Batzarraren egitaraua oso aurreratuta dago eta webgunean ere eskuragarri dago. "Arrakastaren gakoak ekoturismoko helmugetan eta esperientzietan" lelopean, zazpigarren edizio honek arrakastaren gakoak identifikatu nahi ditu ekoturismoko helmugen kudeaketan eta benetako esperientzien diseinuan eta sustapenean, eta produktu horren oinarrien aplikazioari helduko dio, naturguneetako helmugetako natura- eta kultura-ondarea balioesteko eta kontserbatzeko onuragarrienetako bat baita. Horretarako, hitzaldiak, mahai-inguruak eta helmugetako eta enpresetako esperientziak partekatzeko espazioak bere baitan hartuko dituzten jardunaldi teknikoek gai hauek jorratuko dituzte:
• Ekoturismoaren bilakaera, kudeaketa eta bultzada Espainian, Euskadin, Espainia Berdean eta Euskal Kostaldeko Geoparkean.
• Ekoturismoko esperientziak diseinatzea eta eskaria eraginkortasunez nola lortu. Garatutako eta abian jarritako ekimen eta proiektuen emaitzak.
• Geoturismoa.
• Harrera eta mugikortasun jasangarrirako gaitasunaren kudeaketa ekoturismoko helmugetan.
• Interpretazioaren garrantzia ekoturismoan. Interpretazio eraginkorra egiteko tresnak eta gakoak.
Alderdi horiek tokian bertan landuko dira, halaber, Batzarreko ekoturismorako bisita gidatuetan, Euskal Kostaldeko Geoparkerako zein Gasteizerako (Eraztun Berdea eta Salburuako Natura 2000 Sarea esploratzeko) landa-irteeretan.
Espainian Ekoturismoaren merkaturatzea bultzatzeko helburuarekin, Batzarrak kontratazio mahai bat ere hartzen du biltzarkideen hautaketa bat egiteko, eta aurrez Euskadiko ekoturismoko hainbat helmuga bisitatuko dituzten operadore espezializatuekin bildu ahal izango dira, bereziki, Euskal Kostaldeko Geoparkearekin.
Ideiak trukatzeko eta ekoturismoa bultzatzeko plataforma izateaz gain, biltzarrak biodibertsitatea kontserbatzeko konpromisoa berretsi du. Horrela, inskripzio bakoitzaren kopuru jakin bat Euskal Kostaldeko Geoparkeko Baso-igel iberiarra kontserbatzeko ikerketa proiektura bideratuko da.
Ekoturismoaren VII. Nazio Batzarra ezinbesteko hitzordua izango da Espainian ekoturismoaren garapenean eta kudeaketan interesa duten ororenzat. Programaren aurrerapenei, hizlariei eta izen-emate prozesuari buruzko xehetasun gehiago nahi izanez gero, kongresuaren webgunea bisitatzera gonbidatzen zaituztegu, eta berrikuntzak Facebook, Instagram eta X bidez jarraitzera.
Antolatzaileak
Ekoturismoaren Kongresu Nazionala Espainiako Ecoturismo Elkarteak bultzatutako ekimena da, Espainiako Ecoturismo produktu kluba kudeatzen duen erakundea. Zazpigarren edizio honetan antolatzaileok Euskal Kostaldeko Geoparkea eta Basquetour (Euskadiko Turismo Agentzia) eta Gipuzkoako Foru Aldundia gara. Kongresuaren antolatzaile gisa parte hartuko dute, halaber, Estatuko Turismo Idazkaritzak (MINTUR), Parke Nazionalen Erakunde Autonomoak (MITECORD) eta Eusko Jaurlaritza. Erakunde horiek guztiak Batzarreko Batzorde Antolatzaileko kide dira.