Euskal Kostaldeko Geoparkeko ikastetxeetako irakasleak hezkuntza geozientifikoa sustatzeko ekimenean parte hartzen ari dira egunotan

2026-02-11

Lurraren Zientzien dibulgazioan aditua den Xavier Juanek (European Geoscience Union) lau saio eskainiko ditu astean zehar, Deban, Mutrikun eta Zumaian

Astelehenean hasi eta osteguna bitartean, Geoparkeko herrietako ikastetxe guztietako 91 irakasle geologiako tailer praktiko bat egiten ari dira. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak kostu txikiko ikasgela eta laborategiko jardueren bidez prestatzera bideratua dago Geoparkeak estreinakoz koordinatu duen tailerra. Xavier Juan adituaren eskutik eta Geoparkeko Ingurumen koordinatzaile Gonzalo Torreren laguntzarekin ari dira garatzen European Geosciences Unionen (EGU) Geoscience Education Field Officers (GEFO) eta Asociación Española para la Enseñanza de las Ciencias de la Tierra (AEPECT) elkarlanean eskaintzen duten programaren baitako ekimena.

Programa hau 2019an sortu zen, STEM curriculumetan geozientzien irakaskuntza indartzeko. Proposamen didaktikoa CASE (Cognitive Acceleration through Science Education) ereduan oinarritzen da eta ikaskuntza aktiboa sustatzen du esperimentazioaren, gatazka kognitiboaren eta metakognizioaren bidez. Zuzenean behatzeko zailak diren prozesu geologikoak modelizatzea ahalbidetzen duten jarduera praktikoen adibideak aurkezten dira, hala nola, plaken tektonika, bulkanismoa, sismologia edo harrien zikloa. Era berean, Earth Learning Idea biltegiaren erabilera nabarmentzen da, irakasleentzako hezkuntza-baliabide eskuragarriak eta kontrastatuak eskaintzen baititu. Tailerrak eredu fisiko sinpleen balioa nabarmentzen du, geozientzietan ulermena, motibazioa eta ikaskuntza esanguratsua hobetzeko tresna eraginkor gisa.

Euskal Kostaldeko Geoparkeko ikastetxeetako irakasleak hezkuntza geozientifikoa sustatzeko ekimenean parte hartzen ari dira egunotan