Gabonetan, irteera gidatuak familia osoarentzat Euskal Kostaldeko Geoparkean

2016-12-23

Bisita gidatuak hurrengo egunetan eskainiko dira: abenduak 27, 28, 29 eta 30, eta urtarrilak 4, 5, 7 eta 8. Denera Geoparkeak 18 proposamen prestatu ditu eguberrietako oporretarako.

Debako, Mutrikuko eta Zumaiako herriek osatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkea eta Gabonetan “zabalik” egongo da. Iaz hasitako bideari eutsiz, eta bisitarien eskaera gero eta handiagoa asetzeko helburuarekin, Gabonetako oporretan ere bisita gidatuak eskainiko ditu Geoparkeak. 

Proposamen ezberdinez osaturiko programazio zabala prestatu du, bertako ondare geologiko, kultural eta naturala ezagutu eta bizi ahal izateko. 2015ean UNESCOren Munduko Geoparke izendapena eskuratu zuen.

Bisita gidatuak hurrengo egunetan eskainiko dira: abenduak 27, 28, 29 eta 30 eta urtarrilak 4, 5, 7 eta 8. Denera, 18 irteera gidatu egingo dira. Besteak beste, Euskal Kostaldeko Geoparkeko flyscha eta bertako labarrak itsasontziz zein oinez gertutik ikusteko aukera izango dugu, Mutrikuko Olatz bailaran karsta ezagutu eta Goienetxe baserriko gazta dastatuko dugu edota Geoparkeko itsas hondoak eta flysch zaharrena deskubrituko dugu Deban.

Bisita gidatuen gaineko informazio osoa eta ordutegiak Geoparkeko webgunean www.geoparkea.com kontsulta daitezke, eta erreserbak online edota Mutrikuko, Debako eta Zumaiako Turismo Bulegoetan egin daitezke.

Gabonetan, irteera gidatuak familia osoarentzat Euskal Kostaldeko Geoparkean