Gabonak Geoparkean, GeoGabonak oparietan

2024-12-18

Oraindik ez al dituzu opari guztiak eskuratu? Zure ingurukoak zintzoak izan al dira aurten? Zure buruari omenalditxo bat opa al diozu? Urteko sasoi hau egokia da erregaluen bitartez maitasuna eta poztasuna zabaltzeko. Horregatik, Euskal Kostaldeko Geoparkeak hainbat aukera ematen dizu Gabonak are ederragoak bihurtzeko. 2024koak ‘GeoGabonak’ izan daitezke honako opariei esker:

GeoGourmet otar GOZOA

GeoGourmet sorta ezaguna egingo zaizu. Bertako produktuekin osatutako sorta han eta heman banatu izan dugu, inguruko zein kanpotik etorritako mokofinen gozamenerako. Txakolinaz, atunaz eta gazta zati batez osatzen da otarra, bertako ekoizleen kalitatezko produktu aukeratuekin.

Oraingoan, GeoGourmet sorta GOZOA osatu dugu gozozale ugari ere badela jakitun garelako. Honako hirukoteak osatzen du sorta berria: Goxart gozogintzaren txokolatezko birutak, Zortziko eztigileen ezti-potoa, eta Txindurri-Iturri sagardoa. Aurrekoa bezalaxe, sorta hau ere 20 eurotan saltzen jarri dugu Debako Turismo Bulegoan. Telefonoz edo emailez ere egin daitezke eskariak: 943 19 24 52 / komunikazioa@geoparkea.com.

 

LIG&CLICK karta-joko dibertigarria

Hemen dugu jada Geoparkeko karta-joko berria: LIG&CLICK. Geoparkeko Interesgune Geologikoen irudiak eta informazio eguneratua biltzen dituzten kartak dira. Horietan aurkituko dituzun galderei esker, joko ezberdinetan jokatu ahal izango duzu. Zuk zeuk aukeratu gehien gustatzen zaizuna eta jolastu LIG&CLICKekin! Ederki pasatuko duzu eta pila bat ikasiko duzu, aldi berean. 

Euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen artean aukeratu dezakezu, edo biak eskuratu! Jokoa 10 eurotan dago salgai Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoetan.

Edukia: 64 karta + mapa + karta bat argibideekin. 

 

 

 

Geoparkeko biodibertsitatea, liburu batean bildua

Geoparkeko naturari buruz gehiago ikasi nahi izanez gero, horretarako aukera ematen duen liburua eskuratu dezakezu. Aurten argitaratu dugun Biodibertsitateari buruzko apunteak (Apuntes sobre biodiversidad, gaztelaniazko bertsioan) liburua Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoetan dago salgai, 30 eurotan.

Alberto Luengo biologoaren testuez eta Ander Hormazuri ilustratzailearen akuarelez osatutako liburu ikusgarri honek Geoparkean dauden bost ekosistema ezagutzera ematen ditu: Itsaslabarrak eta marearteko zabalgunea, estuarioa, landazabal atlantikoa, artadi kantauriarra eta kareharrizko gailurretako baso mistoa. Irakurketaren gozamenak eta ikastearen plazerrak bat egiten dute liburuan, kontenplaziorako gonbiteari baietz esaten dionarentzat.

 

Aterkiak maite ditugu!

Geoparkeko aterki berriak ongi etorria egiten dio beti euriari. Aterki sendoa, automatikoki irekitzen dena eta  Geoparkearen logo eta kolore bereizgarriak dituenak. Euripean eroso eta lehor ibiltzeko moduan izango zara aterki urdin dotoreari esker.

Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoetan aurkituko dituzu aterkiak salgai, 18 euroren truke.

 

Gabonak Geoparkean, GeoGabonak oparietan