Euskal Kostaldeko Geoparkeak ‘Flyscha haurrekin’ bisita berria gehitu dio urteko bisiten programari

2025-03-18

Lurraldearen balio natural, geologiko eta kultural garrantzitsua ezagutzera emateko prestatu duen bisita gidatuen programa berria aurkeztu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Mutrikun. Honenbestez, urte osoan zehar Deban, Mutrikun eta Zumaian eskaintzen diren bisiten inguruko berritasunak plazaratuta, denboraldi berriari ekin dio Geoparkeak.

Gaurko aurkezpen ekitaldian Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriusorekin batera izan dira Mutrikuko alkatea, Ainhize Azpiazu; Mutrikuko Turismo teknikaria, Marta Amonarriz; eta Flyscha haurrekin’ bisita berria zuzenduko duen gidarietako bat, Ainhoa Erkizia.

Hemendik aurrera eta Aste Santuko oporren atarian, Geoparkeak bisita gidatuak eskainiko ditu ia egunero. Urte bukaera arte, ohiko bisita gidatuez eta norbere kabuz egiteko moduko ibilbideez gain, Geoparkeak berritasun bat eskainiko du: ‘Flyscha haurrekin’ bisita. Mineralak eta flyscheko fosilak ezagutzeko tailerra eta itsas-zeharkaldia 4-12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago eta bi ordu eta erdiko iraupena du. Urria amaiera bitartera, larunbat arratsaldero eskainiko da, eta uda sasoian, berriz, astean birritan.

Etxeko txikienek mineralak eta fosilak ezagutzeko hainbat jolas eta eskulan egingo dituzte, ordubete inguruz, eta Mutrikuko amonite erraldoien sekretuak ezagutzen aritu ondoren, itsasontziz zeharkaldia egitera abiatuko dira. Flysch beltzaren labar ikusgarriak itsasontzitik eta bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, Mutrikuko portua eta Saturrarango hondartza ederraren artean dagoen gunean.

Mutrikuko alkate Ainhize Azpiazuk azaldu du bisita berria bertako ondarea gizarteratzen jarraitzeko Udalaren apustua dela. “Jesus Mari Narvaez eta Esperanza Azkarraga-ren lana aitortu beharrean gaude beste behin, euren nahiari esker zabaldu baitzen Nautilus, Mutrikuko Ikasgune Geologikoa 2007an; orain dela lau urte, espazio horren eskaintza indartzeko, Udalak gela didaktiko berria sortu zuen, Narvaeztarren bilduma guztia herrian bateratuaz. Ondorioz, gure ondarearen transmisioan eragin ahal izan dugu Hezkuntzaren eta Turismo jasangarri baten bidez”.

Benetan eskertzekoa da bisita berri honen bitartez Geoparkearen alderik ezezagunetako bat familien eskura jartzeko Mutrikuko Udalak egin duen apustu sendoa”, adierazi du Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriusok. Zentzu horretan, Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako bisiten arteko oreka aurkitzea eta kalitatean eragiten jarraitzea da Geoparkearen aurtengo erronka. Finean, kanpotik etorritako zein bertako bisitariei lurraldeak dituen altxorrak erakustea da helburu nagusia.

Geoparkean, guztira, 15 bisita gidatu desberdin daude aukeran eta urtean zehar milatik gora bisita inguru eskainiko dira. Bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz egiten dira, eta eskaera handiagoa den irteeretan audio gidak daude eskuragarri ingelesez, frantsesez eta baita alemanez ere. Proposamen horiek guztiak bisita gidatuen liburuxkan daude jasota zeina eskuragarri dagoen Euskadiko turismo bulegoetan. Geoparkearen webgunearen bidez jaso daiteke informazio osoa, baita erreserbak online egin ere.


 

Euskal Kostaldeko Geoparkeak ‘Flyscha haurrekin’ bisita berria gehitu dio urteko bisiten programari