2018-03-22
Geoparkeko gerentea eta zuzendari zientifikoa, Leire Barriuso eta Asier Hilario, Austria eta Eslovenia arteko mugan dagoen Karavankeko UNESCOren Munduko Geoparkean burutzen ari den Koordinazio Batzordearen bileran parte hartzen ari dira.
Euskal Kostaldeko Geoparkea Europako Geoparkeen Sarearen Koordinazio Batzordearen 41. bileran parte hartzen ari da egunotan. Martxoaren 19tik 24ra bitarte burutuko da Austria eta Eslovenia arteko mugan dagoen Karavankeko UNESCOren Munduko Geoparkean.
Europako Geoparkeen Sarearen Koordinazio Batzordea urtean bi aldiz batzen da aurrerapausoak aztertu eta kideen arteko jarduera eta programak koordinatzeko. Geoparkeen arteko lankidetza eta elkarlana funtsezko ezaugarriak dira. Egun Europako 23 herrialdetako 71 geoparkek osatzen dute sarea -www.europeangeoparks.org.
Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea Debako, Mutrikuko eta Zumaiako herriek osatzen dute eta 2010. urteaz geroztik da Europako Geoparkeen Sareko kide. Sarean dauden geoparke guztiek, lau urtetik behin, errebalida prozesu zorrotza igaro behar dute irizpide eta parametro egokiekin lan egiten dutela ziurtatzeko, besteak beste, garapen iraunkorrari dagokionean edota balio geologiko eta kulturalen promozio eta kontserbazioari dagokionean.
Hain zuzen ere, Geoparkeak aurten bigarren errebalida-prozesua pasa beharko du Sarean beste 4 urtez egon ahal izateko.