Europako Geoparkeen 14. Biltzarrean parte hartu du Geoparkeak, Azoreetan

2017-09-11

'Geoparks: pathways of sustainable tourism for development' lelopean egin da biltzarra eta Geoparkeak bi hitzaldi eman ditu bertan.

Irailaren 7tik 9ra Europako Geoparkeen 14. Biltzarra egin da Azoreetan (Portugal), "Geoparks: pathways of sustainable tourism for development" lelopean, geoturismoa sustatu eta geoparkeak tokiko garapen jasangarrirako erraminta gisa duten garrantzia azpimarratzeko. Biltzarrak 35 herrialdeetako 500 bat partaide bildu ditu.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak bi hitzaldi eman ditu bertan. Lehena Leire Barriuso Geoparkeko gerenteak eskainitakoa, "A transnational education project on coastal geology: Flysch & Go, strolling through the history of the Earth" izenburupean. Bigarren hitzaldiaren baitan, zientziak turismo jasangarriari ekartzen dizkion onurak izan zituen hizpide Asier Hilario Geoparkeko Zuzendari Zientifikoak.

Biltzarra hasi baino egun batzuk lehenago, Europako Geoparkeen Sareko batzorde exekutiboa eta batzode koordinatzailea bildu dira.

Europako Geoparkeen Sarea 2000. urtean sortu zen eta egun 23 herrialdetako 70 geoparke biltzen ditu.

Europako Geoparkeen 14. Biltzarrean parte hartu du Geoparkeak, Azoreetan