2019-05-13
Geoparkearen Astearen baitan, espeleologia irteera antolatu du Geoparkeak larunbaterako, hilak 18. Plaza mugatuak dira eta ezinbestekoa da aurrez izena ematea.
Larunbatean, hilak 18, abiatuko da Europako Geoparkeen IX. Astea ekimen berezi eta zirraragarri batekin. Debako Ermittia Bekoa kobazulora espeleologia irteera antolatu du Geoparkeak Felix Ugarte Espeleologia taldearekin batera. Adituen laguntzarekin kobazulo karstiko honek gordetzen dituen pasabide eta ezaugarri bereziak ezagutzeko aukera paregabea izango dute parte-hartzaileek.
Goizeko 9:00etan abiatuko da taldea Debako Arakistain plazatik. 3 orduko iraupena izango du irteerak, 12:00etara arte. Kaskoa, kopetako argia eta eskularruak banatuko zaizkie parte-hartzaileei. Beharrezkoa da oinetako egokiak eta aldatzeko arropa eramatea.
Plaza kopurua mugatua da eta ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako, Debako turismo bulegora deitu behar da, 943 19 24 52 telefonora.
Geoparkeko barrunbeak ezagutzeko aukera ezin hobea izango da hau. Gogoratu behar da, Geoparkearen barnealdeko ingurune karstikoan aztarna arkeologiko ugari aurkitu diren kobazulo kopuru handia biltzen dela, horien artean, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako Ekaingo koba edota Praileaitzeko historiaurreko santutegia.