Bisitari andana izan da Euskal Kostaldeko Geoparkean Aste Santuan

2023-04-17

Antolatu diren bisita eta irteera gidatuek oso balorazio ona izan dute (9,2)

Eguraldia lagun, Aste Santuan bisitari andana izan da Euskal Kostaldearen Geoparkeaz gozatzen. Datuak positiboak dira Mutrikun, Deban eta Zumaian, bai turismo bulegoetara jo duten bisitarien kopuruari dagokionean, baita antolatutako bisita gidatuei eta irteerei erreparatuta.

Aste Santuko lehen hiru egunetan erakarri zuen jende gehien Geoparkeak, hau da, apirilaren 6tik 8ra. Publiko zabalari eskainitako jarduera erakargarriak esakini ditu Geoparkeak aurten ere, Deba, Mutriku eta Zumaiako ondare kulturala, naturala eta geologikoa ezagutzera emateko, eta, horri esker, ehunka lagunek gertutik ezagutu dute lurraldearen aniztasuna. Bisita gidatuetan parte hartu dutenen jatorrira etorrita, aipagarria da gipuzkoarren kopuruak gora egin duela nabarmen; Euskal Herriko bisitarien artean gehiengoa osatu dute, nafarrekin eta bizkaitarrekin batera. Gehienek, online bidezko erreserba aukeratu dute euren erosketak egiteko, azken urteetako tendentziarekin jarraituz. Bisita gidatuen ondoren jasotako inkesten arabera, gehien baloratu diren kontuak hauek izan dira: jasotako tratua (9,5/10), eta giden azalpenak (9/10).

Deba, Mutriku eta Zumaiako turismo bulegoetan bildutako datuen arabera, Estatutik bisitatu gaituztenen artean Kataluniatik eta Madrildik etorritakoak izan dira ugarienak. Hala ere, Aragoi, Valentzia eta Gaztela Leonetik ere bidaiari asko gerturatu da aurten.

Hezitzailea Algorrin

Flyscharen ikuspegiak erakarrita, ehunka lagun ibili da Deba eta Zumaia arteko labarretan. Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan egin berri dituen lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute Aste Santuko opor egunetan. Izan ere, bisitarien segurtasuna bermatzeko eta inguruneak jasaten duen higadura saihesteko helburuarekin, hesiak eta harritxintxorrez estalitako bidexkak jarri ditu aldundiak.

Bestalde, Aste Santuko oporraldian hezitzaile bat lanean egon da Zumaiako San Telmo ermitatik Algorrira doan tartean, estreinakoz. Bisitari kopurua ondo bideratu, kopurua zenbatu, bertaratutakoei zenbait aholku eta informazio eman eta pilatutako paper eta plastikoak jasotzeaz arduratu da aipatu hezitzailea, besteak beste.

Bisitari andana izan da Euskal Kostaldeko Geoparkean Aste Santuan