2017-09-28
Proposamenen artean, nabarmentzekoa da urriko igande guztietan, goizeko 11:30ean, eskainiko den “Flyscha, begirada batean” irteera gidatua, euskaraz.
Udazkena bete-betea dator Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean, uda sasoiak utzitako emaitza positiboen ostean, Geoparkea bisitatu duten lagunen kopuruak %16 egin baitu gora. Uztailean eta abuztuan, guztira 10.007 lagunek parte hartu zuten Geoparkeak eskainitako bisita gidatuetan; iaz, 8.629 lagun izan ziren. Bestalde, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoei dagokienean, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, 40.442 bisitari hartu zituzten.
Urrian, Euskal Kostaldeko Geoparkeak egunero eskainiko ditu bisita gidatuak –astelehenetan izan ezik- bere balio natural eta kultural itzela ezagutzera emateko helburuarekin. Azaroan eta abenduan, irteera gidatuak asteburu guztietan eta jaiegunetan eskainiko dira. (Kontsultatu egutegia)
Geoparkeak bisita gidatu aukera zabala eta anitza proposatzen du; Geoparkeko flyscharen itsaslabar ikusgarriak uretatik ikusteko itsas-ibilaldiak, familiartean egiteko proposamen dibertigarriak, bisita kulturalak, eta bestelako planen bila dabiltzanentzat kutsu zientifikoagoa duten esperientzia bereziak.
Programatuta dauden proposamenen artean, nabarmentzekoa da urriko igande guztietan, goizeko 11:30ean, eskainiko den “Flyscha, begirada batean” irteera gidatua, euskaraz, uretatik Geoparkeko labar ikusgarriak miretsi eta geruzaz-geruza ezkutuan gordetzen duten historia ezagutzeko itsas-ibilaldia.
Bisita gidatuen egutegi osoa HEMEN kontsulta dezakezu eta bertan egin ditzakezu erreserbak online.
Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea
Debako, Mutrikuko eta Zumaiako herriek osatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkea; ondare geologiko, natural eta kultural aparta gordetzen du eta horren inguruan antolatzen da ikerketa zientifikoan, kontserbazioan, heziketan eta natura turismoan oinarritutako tokiko garapen jasangarrirako estrategia.
2010az geroztik Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kidea da eta, ordutik, urtez urte, lehen mailako geoturismo eta natura turismo-helmuga berritzaile gisa sendotzea lortu du. Halaber, 2015ean, Geoparkeak gordetzen duen ondare natural eta kultural oparoak errekonozimendu garrantzitsua eskuratu zuen, UNESCOren Munduko Geoparke izendapena, nazioarte mailako proiekzioa areagotuz