Geoparkeak basoko txorientzako habiak jartzen eta mantentzen ikasteko tailerra antolatu du

2024-09-19


Lasturren (Deba) egingo da saioa, irailaren 28ko goizean, Gonzalo Torre biologoaren eskutik

Basoko txoriei habia egiten laguntzeko eta animalia hauek hobeto ezagutzeko tailerra antolatu du Geoparkeak. Txori-habi bat jartzeko lekurik egokiena zein den, nola eseki behar den, eta mantentzea eta garbitzea nola egiten den ikasi nahi duenak, horretarako aukera du datorren irailaren 28an Lasturren (Deba) egingo den saioan. 

Lastur auzoko frontoiaren ondoan dagoen zelaian egingo da “Basoko txoriak. Ingurumen-osasunaren lagungarri” izeneko tailerra, 10:00etan hasita. Bertan, Geoparkeko Ingurumen koordinatzailea den Gonzalo Torre biologoak gaiari buruzko azalpenak emango ditu eta hegazti txiki hauei nola lagundu erakutsiko du. Tailerra doakoa da, euskaraz egingo da eta ordu eta erdi inguru iraungo du. Parte-hartzaileek habi-kutxa bat eramango dute etxera, nahi duten tokitan jartzeko, keinu txiki horrekin inguruaren orekari laguntzeko.

Basoko txori txikiak ezinbestekoak dira basoak, baratzak eta fruta -edo laborantza- sailak osasuntsu mantentzeko. Bikote bakarra eta haren txitak denboraldi bakoitzean 25 kilogramo intsektu baino gehiago kontsumitzeko gai dira. Hala ere, leku askotan basoak urriak dira, azalera oso txikia dute eta txoriek —hala nola kaskabeltz handia edo gerri-txori arruntak— habiak egiteko lekuak falta dira. Baina, haiei laguntzea gure esku dago basoan txorientzako habi-kutxak edo janlekuak jarriz eta mantenduz.

Parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena lotura honetan, Debako Turismo Bulegoan aurrez aurre edo 943 19 24 52 telefonoan (astelehenetik larunbatera 10:00-14:00 eta 15:00-19:00; eta igandean, goizez bakarrik), plazak mugatuak dira eta.

Geoparkeak basoko txorientzako habiak jartzen eta mantentzen ikasteko tailerra antolatu du