Asteburuan marearteko zabalgunea deskubritzeko aukera eskainiko du Geoparkeak Mutrikun, Deban eta Zumaian, marea biziekin

2016-09-13

Euskal Kostaldeko Geoparkeak gordetzen duen ondare naturala eta biodibertsitatea ezagutzera emateko asmoz, larunbaterako eta iganderako marearteko zabalgunea eta flyscha deskubritzeko bisita gidatuak eskainiko dira, aldi berean Mutrikun, Deban eta Zumaian.

Iraila marea oso bizien hilabetea da eta datorren asteburuan, urteko itsasbehera baxuenetakoak aprobetxatuz, Geoparkeak sei bisita gidatu eskainiko ditu marearteko zabalgunea deskubritzeko. Marearteko gunea flyscheko itsaslabarren oinarrian azaleratzen den plataforma harritsua da. Bisita gidatuak aldi berean egingo dira Mutrikun, Deban (Sakoneta inguruan) eta Zumaian, Geoparkea osatzen duten hiru herrietan (hiru larunbatean eta beste hiru igandean).

Larunbatean, hilak 17, hiru bisita gidatuak 10:00etatik 13:15era egingo dira. Zumaian euskaraz; eta Mutrikun eta Deban gazteleraz. Igandean, hilak 18, Mutrikun 10:00etatik 13:15era egingo da bisita gidatua, euskaraz, eta Deban eta Zumaian, berriz, 11:00etatik 14:15era, azken bi hauek gazteleraz. Erreserbak online egin daitezke edota Mutriku, Deba eta Zumaiako turismo bulegoetan.

Irteera hau publiko zabalari zuzenduta dago baina komeni da sasoian egotea eta trebetasuna izatea labainkorra izan daitekeen ingurune harritsuan ibiltzeko. Gomendagarria da haitzetan ibiltzeko oinetako egokiak (zola ez labaingarria duten oinetako itxiak eta erosoak), bastoiak eta ura eramatea.

Proposamena egitearekin batera, Geoparkeak ohartarazpena ere egin nahi du. Marearteko zabalgunea kontu handiz zaindu beharreko ingurua da. Nabarmentzekoa da bertako aberastasun ekologikoa eta itsasertzeko ekosistemen aniztasuna; hori dela eta, ingurumenarekiko errespetuz jokatzea eskatzen die Geoparkeak egunotan hurbilduko diren bisitariei, antolatutako bisita gidatuetan parte hartuz eta, une oro, giden azalpen eta oharrei kasu eginez.

Marearteko zabalgunea ezagutzera emateko proposamen hauek Euskal Kostaldeko Geoparkearen ohiko programazioari gehitu behar zaizkio. Urte osoan zehar eskaintzen ditu Geoparkeak bertako ondare geologiko, natural eta kulturalaren ezagutza eta dibulgazioa helburu duten bisita gidatuak.

Asteburuan marearteko zabalgunea deskubritzeko aukera eskainiko du Geoparkeak Mutrikun, Deban eta Zumaian, marea biziekin