Amaitu da Europako Geoparkeen Asterik udatiarrena

2026-06-02

Euskal Kostaldeko Geoparkeak 17. Europako Geoparkeen Astearen edizio berri bat itxi du, aho zapore gozoarekin. Surfaren eta zientziaren arteko harremanean zentratutako hainbat egunetako jardueren ondoren, III. Mikroipuin Lehiaketaren epaiaren iragarpenarekin bukatu da ekimena.

Programazioak dibulgazio zientifikoa eta ingurumen-sentsibilizazioa uztartu ditu, eta herritarrei lurraldearen ezagutza geologikoa eta ozeanografikoa hurbildu die, hitzaldiak, Biotop landa-irteera, tailerrak eta topaketak eginez surfeko adituekin eta profesionalekin. Herritarren erantzuna nabarmena izan da, parte-hartze handiarekin eta ingurune naturala ikuspegi zientifiko eta jasangarri batetik ulertzeko gero eta interes handiagoarekin.

Argazki galeria

Azken asteburuan, ostiralean, hain zuzen, Debako Itsaslabarrak tabernan ‘Orekariak’ hitzaldia entzuteko aukera izan zen. EHUko irakasle eta fisikaria den Edu Ogandok eta Ibon Oregi surflariak berbaldi mamitsu bezain freskoa eskain zuten. Bertaratu zirenak umorez beteriko hitzaldi inspiratzaile baten lekuko izan ziren. Hitzaldiaren atariko, DJ Bon zarauztarrak tabernako terraza girotzen izan zen, udako egun aurreratua zirudien horretan.

Hurrengo egunean, intsektuei eskainitako Biotop landa-irteera egin zen Debako Errotaberriko eremuan. Aranzadiko adituen laguntzarekin, 20 bat lagunek animalia txiki eta garrantzitsu hauen inguruan bertatik bertara, euren bizilekuan, ikasteko aukera izan zuten.

Azkenik, Geoparkeak gaur bertan jakitera eman du III. Mikroipuin Lehiaketaren irabazlearen izena: Josune Herrarteren lanak eraman du aurtengo saria. Saria eskuratzen duen bigarren aldia da, 2024an egindako lehen lehiaketaren irabazlea izan baitzen Herrarte.

Europako Geoparkeen Astearen amaierarekin, Euskal Kostaldeko Geoparkeak berretsi egiten du zientziaren, naturaren eta gizartearen arteko loturan erreferente gisa duen eginkizuna, eta eskerrak ematen dizkie erakunde laguntzaileei, hizlariei eta parte-hartzaile guztiei, bereziki aurten bidelagun garrantzitsua izan den EHUko Kultura Zientifikoko Katedrari

 

Amaitu da Europako Geoparkeen Asterik udatiarrena