Agiro mendiko ondarea ezagutzeko ibilaldi gidatua antolatu du iganderako Itziarko Auzo Udalak

2018-01-08

Udazken-negurako Itziarko Auzo Udalak antolatutako kultur egitarauaren baitan, datorren igandean, urtarrilak 14, ibilaldi gidatua egingo da "Agiro mendiko altxorrak" izenburupean, Geoparkearen laguntzarekin.

Endoia eta Arbiskoa bailaren artean dago kokatuta Agiro mendialdea. Balio natural eta geologiko oparoa izateaz gain, giza-aztarna ugari gordetzen dituzte bertako parajeek, garai bateko bizimodu menditarraren lekuko.

Karobi, txondor, elurzulo eta artzai-txabolak dira ibilbidearen aitzakia, inguruan ikuskatu daitezkeen landare eta animali espezie desberdinez gain. Aztarna eta berezitasunez betetako paisaia hau Euskal Kostaldeko Geoparkean kokatzen da, interes geologikodun karst eremuan. Aipatzekoa da bertan Sesiarteko antiklinala, Geologia Interesgune izendatua [ikus Euskal Kostaldeko Geoparkearen ondarea osatzen duten 54 geologia interesguneak].

Bidean geldialdiak eginez, azalpen eta kontakizunez jantziko da ibilaldia, Joxean Mujika arkeologoaren eta Geoparkeko kideen eskutik. Mujika Geoparkeko Batzorde Zientifikoko kidea da. 

Goltzibar haranean dagoen Astigarraga Koba bisitatzeko aukera ere eskainiko da. Euskal historiaurreko koben artean, azken aurkikuntzetakoa da berau, eta xumea izanik ere, bere hormetako arteak badu garrantzia.

Inguruko bazterrak hobeto estimatu eta ezagutaraztea du helburu ekimen honek. 

Argibideak:

Zelai Txiki (Arbiskoa) paretik abiatuko da txangoa, goizeko 09:00etan. 5 orduko iraupena izango du, gutxi-gorabehera, azalpen eta geldialdiak barne.

Mendian ibiltzen ohitutako jendearentzat dago aurreikusita bidea, 12 urtetik gorakoentzat. Komenigarria da arropa eta oinetako egokia jantzita etortzea. Norberak eraman beharko du linterna edo frontala.

*Ibilaldian parte hartzeko taldea mugatua da. Horregatik, izena aurrez ematea aholkatzen da, 626 71 04 41 telefonora deituz (Xabier), edo arbiltxo@hotmail.es helbidera idatziz. Ibilaldiaren ondoren nahi duenak Aittola-Zar jatetxean taldean bazkaltzea da asmoa.

GEOPARKEAren laguntza du ekimenak.

 

Agiro mendiko ondarea ezagutzeko ibilaldi gidatua antolatu du iganderako Itziarko Auzo Udalak