Abian da Geoparkeko bisita gidatuen denboraldi berria

2013-03-25

Gaur, astelehena, martxoak 25, Euskal Kostaldeko Geoparkeak bisita gidatuen programa berria eman du ezagutzera Gipuzkoako Foru Aldundian. Bertan izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatu Jon Peli Uriguen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendari Roke Akizu, Zumaiako Alkate eta Geogarapen Elkarteko Presidente Iñaki Agirrezabalaga eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerentea, Leire Barriuso.

Geoparkea Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek osatzen dute eta ondare natural, geologiko eta kultural garrantzitsua du oso. Baliabide natural turistiko nagusiena izanik, Aldundiak Euskal Kostaldeko Geoparkearen aldeko erabateko apustua egin du. Hala, Euskal kostaldeko Geoparkea eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean ari dira zientzia, kultura, ingurumena eta turismoa bilduko dituen garapen estrategikoko proiektu bat finkatu eta sendotzeko.  

Geoparkeak aurtengo bisita gidatuen programa berria aurkeztu du gaur, bertako zein kanpotik etorritako bisitariei esperientzia eta bisita gidatu eskaintza zabal eta askotarikoa eskainiz. Aski ezaguna den Flyscharen Ibilbidea, Geoparkearen kostaldea gida espezializatuek lagunduta deskubritzeko hamaika proposamenekin, Karstaren Ibilbidea edota barnealdeko zelai berde eta bailara idilikoak, eduki kulturaleko bisita gidatuak, eta bestelako esperientzia eta abentura-jarduerak.

Geoparkeko bisita gidatuen eskaintzak aukera ematen die bisitariei edozein urte garaitan bertako ondare aberatsa ezagutzeko, eta erakargarri garrantzitsua da Gipuzkoako turismoarentzat. Irteera horietan zientzia, natura eta kultura uztartzen dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak irteera horiek bultzatu ditu programari zuzeneko diru laguntzak emanez eta Gipuzkoako erreserba zentralaren bidez pakete turistikoak sortuz. Diputazioaren ustez, eskaintza hau erreferente bat da Gipuzkoako natura turismoaren barruan.

Aurten, berrikuntza modura, proposamen berri bat gehitu behar dugu, “Flyscheko portuak” izenekoa. Bisitariek itsasontziz egingo dute zeharkaldia, Zumaiatik Mutrikuraino, eta itsasoarekin harreman estua izan duen lurraldeaz gozatzeko eta bertako ondare naturala eta historikoa nahiz itsas-ondarea bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Garai bateko bizimodu, ohitura eta ekonomia-jarduera esanguratsuenak erakutsiko zaizkie bisitariei, hau da, ontzigintza Zumaian, merkataritza Deban eta balearen arrantza Mutrikun.

Bisita gidatuen gaineko informazio osoa eta egutegia geoparkea.com webgunean kontsulta daiteke. Halaber, bisita gidatuetarako erreserbak webgunean bertan egin daitezke, baita Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan ere. 

Audio-gidak atzerritik datozen bisitarientzat eta GeoGourmet

Berrikuntzen artean, aipagarria da baita ere audio-gidak eskainiko zaizkiela atzerritik datozen bisitariei, bai ingelesez eta bai frantsesez, bisitarien artean arrakasta gehien duen jardueran, “Ibilaldi gidatua txalupaz” izenekoa, Deba eta Zumaia arteko flyschgune garrantzitsua ikusteko aukera ematen duen itsas-txangoa, alegia.

Izan ere, gero eta gehiago dira Geoparkera atzerritik iristen diren bisitariak. Hain zuzen, Deba, Mutriku eta Zumaiako turismo bulegoetan jasotako datuen arabera, 2012an atzerriko turisten hazkundea %16koa izan zen. Erreminta berri honi esker, Euskal Kostaldeko Geoparkeak beste urrats bat eman du aurrera lurraldearen sustapen turistikoari dagokionean.

Geoparkeak, bestalde, landa garapenaren eta bertako produktuen aldeko apustu sendoa egiten du. Honela, lurraldean bertan ekoiztutako kalitate handiko landa eta arrantza-produktuak bultzatuko ditu, “otar” formatoan eta GeoGourmet izenaren pean. Otarrak Deba, Mutriku eta Zumaiako Turismo Bulegoetan eskuratu ahal izango dira. 

Lehen fase honetan, bi otar mota jarriko dira salgai: batak, Idiazabal jatorri izendapena duen ardi-gazta zatia, Getariako jatorri izendapena duen txakolin botila eta poto bat hegaluze oliba oliotan bustia gordeko ditu, 20 euroko prezioan. Bigarren otarrak, sagardo ekologiko botila bat eta Idiazabal jatorri izendapena duen ardi-gazta zatia gordeko ditu, 13 eurotan salgai.

Ekimen honekin Geoparkeak nekazaritzako elikagaien sektorea balioan ipini nahi du, daukan garrantzia aitortuz, ez soilik elikagaien ekoizpenerako, baita ondare kulturalari egiten dion ekarpenagatik, espazioaren kudeatzaile gisa egiten duen lanagatik eta Geoparkeko baliabide naturalen, biodibertsitatearen eta paisaiaren administratzaile izateagatik.

Otarrak sustatzeko helburuarekin, bisita gidatua egiteko sarrerak erosita, otarra erosteko euro 1eko deskontua eskuratu ahal izango da.  

None
Abian da Geoparkeko bisita gidatuen denboraldi berria