"Itsasoak osasuntsu, planeta osasuntsu" hitzaldia Mutrikun

2016-06-03

Ozeanoen Munduko Eguna ospatzeko, Surfrider elkarteak Itsasoak osasuntsu, planeta osasuntsu hitzaldia antolatu du ekainaren 9rako. Arratsaldeko 19:00tan egingo da Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean eta Geoparkeak parte hartuko du bertan.

Hitzaldian Vanessa Sarah Salvo Surfrider elkarteko koordinatzaileak, Gonzalo Torre Euskal Kostaldeko Geoparkeko Ingurumen aholkulariak, Alberto Santolaria Agua sin plástico & Salud ingurumen-aholkularitzako arduradunak eta Aitor Leiza Olarru-Sub elkarteko kideak parte hartuko dute, euren esperientziak partekatuz.

Surfrider elkarteak moderatuko duen hitzaldi honi Euskal Kostaldeko Geoparkeko Gonzalo Torrek emango dio hasiera, itsas ekosistemei eta euren babesari buruz hitz eginez. Jarraian, Itsas Biologian doktore den Alberto Santolariak emendatzen doan ekosistemen degradazioa izango du hizpide, itsas hondoetan zehar urpekaritza egiterakoan ikusi ahal izan duenaren harira. Agua sin plástico & Salud plataformaren sortzaile gisa gainera, plastikoari uko egiteko eta, batez ere, plastikozko ontziak ordezkatzeko aukerez ariko da. Ondoren, Surfrider elkarteko Vanessa Sarah Salvok, ureko hondakinek eragindako kutsaduraren nondik norakoa aurkeztuko du, batez ere, plastikoan zentratuz. Amaitze aldera, Aitor Leiza Olarru-Sub urpekaritza elkarteko kideak, urtean zehar itsas ingurugiroa babestearren burututako ekintzak izango ditu aipagai. Halaber, iaz Kantauri Garbiak Getariako portuan burutu zuen garbiketako argazkiez osatutako bideoa ikusi ahal izango da. 

Topaketa hau #3 HONDAKINEN IBILBIDEA hitzorduaren parte da, “Plastikozko Itsasoak” egitasmo ibiltariaren hirugarren etapa, Surfrider elkarteak pasa den apirilean abiatu zuena Donostia 2016 Fundazioaren babesarekin.

Kantauri garbia! Mutriku 2016

Horrez gainera, ekainaren 11an, larunbatean, goizeko 9:30etik aurrera, itsas hondoaren garbiketa egingo da Mutrikuko portuan, Kantauri Garbia kolektiboak antolatuta, Euskal Kostaldeko Geoparkearekin batera. Ondoren, 13:00etan, sardina-jana herrikoia egongo da. 

 

"Itsasoak osasuntsu, planeta osasuntsu" hitzaldia Mutrikun