350 zuhaitz landatuko dira igandean Elorriagan

2018-03-19

Antolatzaileek herritarrei dei egin diete egitasmoan parte har dezaten. Hitzordua goizeko 9:30ean jarri da, Elorriaga auzoko Galarreta inguruan (Itziar). 

Datorren igandean, martxoaren 25ean, zuhaitz landaketa egingo da Elorriaga inguruan, Itziarren. Itziarko Auzo Udalak, Lizarbe Guraso Elkarteak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu dute egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. 

Ekimen honek helburu bikoitza du: Biotopoaren eremuan bertako basoa eta paisaia berreskuratzea eta heskaiak – lursailen arteko zuhaixkez osatutako mugak - sustatzea.

Guztira, 350 bat zuhaitz eta zuhaixka landatuko dira; horien artean, arteak, gurbitzak, lizarrak, erramuak eta urkiak. Horiez gain, heskaia aldatzeko Aldundiak honako zuhaitz hauek jarriko ditu: hurritzak, elorri zuriak, gorostiak, erramuak, sagarrondoak, gurbitzak, zuhandorrak, gartxuak, oilaranak, basaranak, karraskilak, intsusak…

Hitzordua 9:30ean jarri dute, Elorriaga auzoko Galarreta inguruan, Itziarren. Landaketa 12:30ak arte luzatuko da. Behin lanak amaituta, mokadu bat eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei.

Antolatzaileek herritarrei dei egin diete egitasmoan parte har dezaten. Aldez aurretik izena ematea komeni da, ingurumena@geoparkea.com epostara idatziz.

 

350 zuhaitz landatuko dira igandean Elorriagan