Europako Geoparkeen Astea: 10 urte 10 ekintza

2020-05-23

Maiatzaren 24tik ekainaren 7ra, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkeak Europako Geoparkeen Astea ospatuko du. Aurten, bizi dugun egoera dela eta, urte hauetan egindako jarduera eta ekimenen laburpenak partekatuko ditugu gure sare sozialetan.

 

Bihar, igandea, hasiko da Europako Geoparkeen Astea. Bizi dugun osasun krisia dela medio, aurtengo edizioa desberdina izango da, ez da hitzaldirik, aurkezpenik edo bisita gidatu berezirik izango. 

Aurten, Geoparkearen urteurrenarekin bat datorren Europako Geoparkeen Astean atzera begiratu eta edizio hauetan gertatutakoa gogora ekarriko dugu gure sare sozialetan.

Maiatzaren 24tik ekainaren 7ra bitartean, orain arte egin diren Europako Geoparkeen Asteetako ekitaldi eta jarduera esanguratsuenak gure sare sozialetan partekatuko ditugu. 

Aurkezpen eta hitzaldi zientifikoak, hala nola GeoTalks, Mutriku, Deba eta Zumaiako ondare natural eta kulturalari balioa ematen dieten ekintzak, ingurumena garbitu eta kontzientziatzeko ekimenak, hezkuntza, haur eta gazteen parte-hartzea, balio kalkulaezina duten aurkikuntza zientifikoak edota gure lurraldearen bideoklip baten aurkezpena, besteak beste. 

Gauza asko gertatu dira bederatzi urte hauetan, jarraitu gaitzazu gure sare sozialetan, gaur arte Geoparkeen Astearen oroitzapenak partekatuko ditugu egunero.

Europako Geoparkeen Astea: 10 urte 10 ekintza