Geoparkeen Munduko Sareko ebaluatzaileen bisita amaituta, azterketaren emaitza irailean ezagutuko da

2014-07-04

Hiroko Torigoe japoniarra, Itoigawa Geoparkekoa, eta Richard Watson ipar irlandarra, Marble Arch Caves Geoparkekoa, izan dira Geoparkeen Munduko Sarearen izenean Euskal Kostaldeko Geoparkearen azterketa egiteaz arduratu diren bi kideak Geoparke izendapenari beste lau urtez eusten dion erabakitzeko.

Bisita asteazkenean hasi zen eta gaur amaitu da. Gaur goizean Leire Barriuso Geoparkeko gerenteak eta Asier Hilario Zuzendari Zientifikoak azken bilera bat egin dute ebaluatzaileekin, txostenari azken begiratua emateko. Ordu honetan, ebaluatzaileak euren herrialdera itzultzeko bidean dira.

Agenda bete-betea

Egunotan ebaluatzaileek agenda betea izan dute, hainbat bisita eta bilera egin dituzte instituzioetako ordezkariekin, sektore turistikoko profesionalekin eta beste hainbat agente sozialekin, Geoparkeak azken 4 urteetan egindako jarduera eta ekintza guztien berri jasotzeko.

Honela, ebaluatzaileek bertatik bertara ezagutu dituzte interesgune adierazgarrienak, besteak beste, Mendatagaña-Sakoneta ingurunea, Itzurungo hondartza, Algorri itsasontziz, Elorriagako aisialdirako gunea eta Olatzko bailara karstikoa. Era berean, Geoparkearen Gune berria, Algorri eta Nautilus Interpretazio Guneak, Mutrikuko hirigune historikoa, Bentalekua Museoa eta Ekainberri, Ekain kobazuloaren erreplika, ezagutzeko aukera izan dute.

Bisita hauetan, azalpen geologikoak aditzeaz gainera, ebaluatzaileek euskal gastronomiako plater tipikoak dastatzeko aukera izan dute, baita gure kultura eta sustraitutako tradizioak ezagutzeko ere. Hain zuzen, Mutrikuko Miruaitz frontoian zesta-punta partidu bat ikusi eta Zelai harri-jasotzailearen eta bere seme Jonen eskutik harri-jasotze erakustaldiaz gozatu ahal izan zuten. 

Erakunde desberdinen babesa

Aipatzekoa da, instituzioen aldetik jasotako babes zabala. Hainbat instituzio eta erakundetako ordezkariekin egoteko aukera izan dute ebaluatzaileek, Geoparkeko 3 alkateekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritza eta Basquetourrekin, baita beste hainbat erakundetako ordezkariekin ere,  Debegesa garapen agentzia, Unesco Etxea, EHU, Aranzadi Zientzia Elkartea, Debemen, Urkome eta Urola Kostako Mankomunitatea.

Azterketaren emaitza uda ostean jakingo da, Europako Geoparkeen Sareak Alemanian, Harz Geoparkean, irailaren 3an eta 4an burutuko duen Koordinazio Batzordean.

 

Olatz auzora bisita

 

Flyscha Itzurungo hondartzan 

 

Mendatagainako informazio panelari begira

Geoparkeen Munduko Sareko ebaluatzaileen bisita amaituta, azterketaren emaitza irailean ezagutuko da