2014-07-10
Geologiaren Irakaskuntzari buruzko XVIII. Sinposioa egingo da Bilbon, EHUren Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate-eskolan, datorren uztailaren 14tik, astelehena, aurrera. Lurraren Zientzien Irakaskuntzarako Elkarteak (AEPECT) sustatutako ekitaldian natura-zientzietako 200 irakaslek baino gehiagok hartuko du parte bi urtean behingo sinposio honetan, eta tailerrak, esparru-hitzaldiak eta euskal arroako interes geologiko handieneko lekuak ezagutzeko txangoak egingo dituzte. Bigarren aldia da Euskadi ekitaldiaren egoitza dela, eta EHUren udako ikastaroetako bat izango da.
Informazio gehiago: www.aepect.org
Inaugurazio ekitaldia
Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea, Energiaren Euskal Erakundea, Geologoen Elkargo Ofiziala eta Euskal Kostaldeko Geoparkea dira, besteak beste, ekimenaren antolatzaileak. Sinposioaren inaugurazio-ekitaldia asteleheneko, hilak 14, 09:30ean egingo da, Bilboko Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate-eskolaren Areto Nagusian. Bertan izango dira Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuorde Josean Galera; Gipuzkoako Foru Aldundiko mendi zuzendaria den Roke Akizu Ion; Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendari Maria Uribe; EHUko Ikerkuntzako errektoreorde Fernando Plazaola; eta AEPECTen presidente Amelia Calonge.
Programa
Kongresuak iraungo dituen sei egunetan, parte-hartzaileek 30 hitzaldi, 21 tailer eta hiru esparru-hitzalditan parte hartzeko aukera izango dute. Sinposioaren alderdi interesgarrienetako bat da, zalantzarik gabe, Euskadiko geologia ezagutzeko antolatutako 12 txangoetan parte hartzeko aukera. Besteak beste, Urdaibaiko estuarioa, Barrikako tolesdura ikusgarria, urpeko sumendien ibilbidea, Zugaztietako mineralizatzeak, Pozalaguako kobazuloa eta Zumaiako flyscha, Euskal Kostaldeko geoparkean, bisitatuko dituzte, EHUren ikerlariak gidari izango diren txangoetan.
Bisita Geoparkera
Euskal Kostaldeko Geoparkera bisita uztailaren 19an izango da eta ekitaldirik erakargarrienetakoa izango da.