Ezinbestekoak

1. Itzurun-Algorri: Geoparkeko santutegi geologikoa

Flyschak Zumaiako Itzurun hondartzan du garrantzi handiena. Fenomeno geologiko ikusgarri horretako geruzek, duela milioika urte bertikalean jarriak, dinosauroak desagertu zireneko garaia ulertzeko balio izan zuten, eta gaur egun ere, ordaindik, mundu osoko geologo askok eta askok jotzen dute liburu natural handi horretara erantzun bila, gure planetaren jokaera ulertu nahian. Zuk ere ezagutu nahi? Egin ezazu Algorri ibilbide geologikoa, zoaz Interpretazio Zentroa ikustera, edo gozatu itsasontziz egiteko irteera geologiko antolaturen batean; eta batez ere, ez galdu hondartzatik eguzkia sartzen ikusteko aukera.

2. Elorriaga: itsaslabar itzelak eta zelai zoragarriak

Elorriagara joatea gauza asko ikustea da, gogo-gogoan geratuko zaigun oroitzapen eder bat. Nekazaritza-tradizioko auzo txiki honetan txakolina egiten dute eta bistak zoragarriak dira barrualderantz, Andutz eta Izarraitz mendi kareharrizkoak parean, Geoparkearen hegoaldeko mugan biak. Behin Elorriagara joanda, merezi du Baratzazarreko begiratokira gerturatzea, flyscheko itsaslabarrik handienetara aterata dagoen zurezko plataforma ikusgarri horretatik bikain ikusten baita Euskal Kostaldearen zati handi bat.

3. Sakoneta: geologiako museo zirarragarria

Deba eta Zumaia arteko Paisaia Natural Babestuaren bihotzean dago Sakoneta. Eta nabari da. Inguru horretan, naturaren indarrak dira protagonista; Kantauri itsasoarekin etengabeko borrokan, itsaslabarrak erori egiten dira puskaka: flyscha ezin harroago ageri da; eta inon baino zabalagoa da marearteko zabalgunea. Surflari eta ibiltari ausarten lurraldea da. Guztiz gomendagarria da Sakoneta ibilbide geologikoa edo antolatutako irteera gidatuen bat egitea, marearteko zabalguneko biodibertsitatea ikusteko. Eta horretarako astirik ez baduzu, zoaz Mendatagaineko begiratoki zoragarria ikustera.

4. Saturraran: flysch beltzeko hondartza ezkutua

Besteak ez bezalako hondartza bat da Saturraran. Ilargi-erdi itxurakoa, mendebaldera begira, izen bereko lurmutur batek babesten du Kantauri itsasoaren oldarretik. Flysch beltzak osatutako erliebe sendo bat da hura, kolore ilun eta forma bitxikoa, eta haiexek dira Geoparkeko geruzarik antzinakoenak: duela 100 milioi urte baino gehiago sortu ziren, Iberia Europako kontinentetik bereizten eta Bizkaiko golkoa irekitzen hasi zenean. Horra gure historiaren hasiera. Nautilus museoan ezusteko harrigari bat duzu zain; amonite erraldoien bilduma ikusgarri bat, 20 urtean baino gehiagoan Saturrarango itsaslabarretatik apurka-apurka lortua.

5. Olatz: oso esperientzia tentagarria

Haran itxi bat da Olatzekoa eta kostaldetik bertaratzen direnentzat, berealdiko ustekabea. Jatorri karstikoko sakonune itzel bat da, zirkulu formakoa, harrizko piramide itzelez inguratua. Hemen, badirudi eten egiten dela denbora. Berde bizi-biziak dira larreak, baserri tradizional ikusgarriak ageri dira han-hemenka, eta paisaia, azken batean, gure baserri-munduaren postal bat da. Harana ezagutzeko, hiru interpretazio taulak lot ditzakezu, edo bestela, karsta ikusteko irteera gidatu batean parte hartu, eta horrela, gaztandegi tradizional batean gazta dastatzeko aukera izango duzu, gainera. Barrualdeko Geoparkea ezagutzeko oso esperientzia tentagarria.

6.Lastur: Geoparkeko haran itxia

Haran ezkutu bat da Lasturkoa; Geoparkaren barrualdean dagoen sakan luzanga eta sakon bat. Haran itxi bat da, eta bertako urak desagertu egiten dira lurpean, dolina deritzen inbutu moduko formazio handietan zehar. Nekazaritzatik bizi izan da Lastur, eta ura izan da beti guztiaren gidalerroa haran ospel honetan. XIV. mendean, adibidez, ugari ziren burdinolak, eta gar egun oraindik ere hortxe ditugu Plazaolako errotak Lasturko plazara bertatzen direnentzat ikusgai. Merezi du begiratokiz begiratoki harana ondo ikustea eta, goiko aldera joanda Geoparkeko gailur garaienez gozatzea.

 

 

Ezinbesteko toki guztiak ezagutu nahi badituzu, mapan klik eginez eskuratu dezakezu informazio gehiago: