Zumaiako Flyscha IUGSren ondare geologikoko lehen 100 lekuen artean

2022-10-26

IUGSren, Geologia Zientzien Nazioarteko Elkartea, ondare geologikoko lehen 100 lekuak (The First 100 IUGS Geological Heritage Sites) Euskal Kostaldeko Geoparkean aurkeztuko dira urriaren 25etik 28ra.

IUGSren ondare geologikoko lehen 100 lekuak (The First 100 IUGS Geological Heritage Sites) aurkeztuko dira Euskal Kostaldeko Geoparkean gaurtik, urriaren 25etik, ostirala, urriak 28, bitartean. Munduko interes geologikoko lehen 100 lekuen artean dago Zumaiako Flyscha, izan ere, bertan dago Lurreko azaleratze estratigrafiko ikusgarrienetako bat. “Geoparkerentzat ohorea da interes geologikoko toki hauen inbentarioa ezagutzera emateko munduko geologo adituenak ekarriko dituen nazioarteko ekitaldi honen anfitrioia izatea” azaldu du Asier Hilariok, Geoparkeko zuzendari zientifikoak eta IUGSeko  Nazioarteko Ondare Geologikoarean batzordeko presidentea.

Kongresuaren irekieran izan dira: Iñaki Ostolaza, Zumaiako Alkatea, Gilen Garcia, Euskal Kostaldeko Geoparkeko Presidentea, Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Diputatua Gipuzkoako Foru Aldundian, Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Eusko Jaularitzan eta Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailburua Eusko Jaularitzan.

The First 100

 

Geologia Zientzien Nazioarteko Elkartea (IUGS) munduko zientzia-erakunde handienetako bat da; 121 herrialdetako kideak ditu, milioi bat geozientzialari baino gehiago. IUGSren ondare geologikoko lehen 100 lekuen (The First 100 IUGS Geological Heritage Sites)iragarpena izango da mundu osoko leku geologikoak izendatzeko ahaleginaren abiapuntua. Leku horiek ikonikoak dira, eta komunitate geozientifiko guztiak aintzat hartuko ditu, Lurra eta haren historia ulertzeko duten eraginagatik.

IUGSren Ondare Geologikoko leku bat nazioartean garrantzi zientifikoa duten elementu edota prozesu geologikoak dituen ingurunea da, erreferentziazkoa dena eta historian zehar geologia-zientzien garapenari ekarpen nabarmena egiten diona. Hona hemen zerrenda ikusgarri hori osatzen duten beste adibide gutxi batzuk: Hego Afrikan dauden Lurreko arroka zaharrenetako batzuk, Almadengo merkurio-meatzeak, La Palmako erliebe bolkanikoa, Australiako eta Txinako bizitza primitiboko arrastoak, Kanadako dinosauroen fosil-hondar onenetako batzuk, Tanzaniako lehen hominidoen garapenaren lehen aztarnak, Everest mendiaren gailurreko itsas arrokak, bai eta zenbait leku enblematiko ere, hala nola Arroila Handia (AEB), Perito Moreno glaziarra (Argentina), Santoriniko galdara (Grezia) eta Uluru (Australia).

Ikusi zerrenda guztia eta deskargatu dohainik “The First 100” liburua  IUGSen Ondare Geologiko Nazioarteko Batzordearen webgunean: https://iugs-geoheritage.org/

40 herrialdetako 250 adituk baino gehiagok eta nazioarteko hamar erakundek, Lurraren Zientzietako hainbat diziplinatakoak, parte hartu dute kokaleku horien guztien hautaketan. 56 herrialdetako 186 leku hautagai proposatu ziren, eta nazioarteko 33 adituk ebaluatu zituzten. Lankidetza-prozesu konplexu horren emaitza IUGSko ondare geologikoko lehen 100 lekuen zerrenda da, zeina Zumaian aurkeztuko baitute lan honetan jardun diren profesional gehienek. Ekitaldiaren eta jardunaldien behin betiko programa hemen dago eskuragarri: https://geoparkea.eus/iugs-globalgeosites

 IUGSren aitortza honek ikusgarritasuna ematen die leku horiei. Balio zientifiko handieneko leku gisa identifikatzen ditu. Geologiaren zientzia garatzeko balio izan duten lekuak dira, bereziki haren hasierako historia. Ezaugarri eta prozesu geologikoen munduko erakusleihorik onenak dira. Lurraren eta haren historiaren aurkikuntza harrigarrien inguruneak dira.

“First 100” horietako asko ongi babestuta daude parke nazionaletan, geoparkeetan eta erreserba naturaletan; beste asko, berriz, ez. IUGSren aitortza honi esker, ondare geologikoko "lehen 100" kokaleku horiek ezagunagoak egingo dira, litekeena da hezkuntza-baliabide gisa erabiltzea eta, are garrantzitsuagoa dena, babestea.

"First 100" ekitaldiak gogoangarria izan nahi du, eta, horregatik, ekitaldia ixteko adierazpen bat irakurriko da. Adierazpen horretan, Lurraren Zientziek eta haien kontserbazioak XXI. mendeko ingurumen erronkei aurre egiteko duten garrantzia nabarmenduko da.

Erakusketa Oxforden 

Kongresua hartzearekin batera, Munduko Lehen 100 Geologia interesguneak erakusketa ere zabaldu da Alondegiko Oxford aretoan. Erakusketaren inaugurazioak eman dio hasiera gaur kongresuari eta irekieran egon dira: Iñaki Ostolaza, Zumaiako alkatea, Arantxa Ariztimuño, Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendari Nagusia Gipuzkoako Foru Aldundian, Adolfo Uriarte, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendari Nagusia Eusko Jaurlaritzan, Jesús García de Cos, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburuordea Eusko Jaurlaritzan eta Stanley Finney, International Union of Geological Sciences - IUGS Idazkari Nagusia. Erakusketa hau azaroaren 6ra arte izango da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara bitartean.

 

Zumaiako Flyscha IUGSren ondare geologikoko lehen 100 lekuen artean