2026-11-12
Urtero, abenduaren 5ean, Lurzoruaren Munduko Eguna ospatzeko deialdia egiten du FAOk, eta, horren bidez, lurzoruek nekazaritzan, ekosistemen funtzioetan eta elikagaien segurtasunean betetzen duten paperari buruzko kontzientzia globala iratzarri nahi du.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak, gai hori ikustarazteko ahaleginean, ‘Lurzoruaren emankortasuna’ izeneko tailerra antolatu du. Azaroaren 28an, larunbatean, 10:00etan hasita, bi orduko saioa egingo da Zumaiako alde zaharrean dagoen Ubillos jauregian (San Jose kalea, 14). Tailerra doakoa da eta bertan parte har dezake 16 urtetik gorako edozeinek, aurrez izena emanda eta inprimaki hau beteta.
2026. urte honetan, egunaren arretaguneak lurzoruen trinkotzeari aurre egitea eta elikagaien ekoizpena sustatzea dira. Izan ere, gure elikagaien % 95 lurzorutik datoz; eta baliabide hori, hainbat kalkuluen arabera, % 33 degradatuta dago. Hori bereziki larria da kontuan hartzen badugu zentimetro gutxi batzuetako lurzoruaren eraketa 1.000 urte baino gehiago luza daitekeela denboran.
Lurzoruak planetako espezieen % 59 inguru hartzen ditu, eta milaka milioi organismo bizi dira lurzoru eskukada batean. Horregatik, zapaltzeko edo gure gizartea eraikitzeko azalera bat izatetik haratago, lurzorua izaki bizia da, eta kontserbatzeko halakotzat hartu beharko genuke.
Harreman geopolitiko global beti tirabiratsuak areagotu egin dira Ekialde Hurbilean bereziki, salgaien nazioarteko trafikoaren kolapsoak agerian utzi baitu mundu industrializatuaren hauskortasun ekonomikoa. Besteak beste, ongarri kimikoak ekoizteko ere, mendebalde garatua delako hori, petrolioaren eta munduko beste puntatik iristen diren lehengaien pean dago.
Baina, ba al dago alternatibarik? Erantzuna baiezkoa da, eta horretan ari da lanean Sustraiak kooperatiba, agrosistemak eta, orokorrean, lurraldea biziberritzen. Tailer honetan, kooperatibako David Gonzalez kideak gidatua eta analisi teknikak erabiliz, lurzorua zer den, modu jasangarrian nola kudeatu daitekeen, lurzoruko bizidunen garrantzia eta lurzoruak nola birsortu daitezkeen ezagutuko dugu.
