2026-10-09
Aho-zapore gozoarekin amaitu dira Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatutako UNESCOren Munduko Geoparkeen Espainiako Sarearen (REGM) XI. Jardunaldi Irekiak. Ondarearen interpretazioaren eta komunikazioaren inguruan hausnartzen eta euren esperientziak partekatzen aritu dira Estatu osotik etorritako 18 geoparkeetako ordezkariak, tokiko zein kanpotik etorritako elkarteekin, enpresekin eta norbanakoekin batera.
Garena kontatu: geoparke bat komunikatu eta interpretatu gaiaren inguruan ardaztu da aurtengo jardunaldien egitaraua, oso emaitza interesgarriekin. Topaketaren atarian, REGM sareko hainbat geoparketik etorritako 30 alkateri egindako harrera ekitaldia ospatu zen, Debako udaletxean. Bertako alkateak, Alazne Txurrukak, ongietorri beroa egin zien, Geoparkeko beste bi herrietako alkateekin (Ainhize Azpiazu mutrikuarra eta Iñaki Ostolaza zumaiarra) batera. Lehen aldia da jardunaldien baitan horrelako ekitaldi bat egiten dela, eta bere helburua da alkateen arteko hausnarketa bat eragitea, datozen erronkei aurre egiteko jarrera bateratu bat adosteko eta, honenbestez, jardunaldien eremu teknikoaz harago iristea. Arratsaldean, berriz, Munduko Geoparkeen Espainiako Sareko kideek bilera itxia egiteko aprobetxatu zuten, Zumaiako Alondegian.
Urriaren 7an, Zumaian ospatu zen XI. Jardunaldi Irekien ekitaldirik garrantzitsuena. Erakundeen irekiera ofizialarekin abiatu zen eguna, Aita Mari antzokiko oholtzan. Bertan parte hartu zuten, Iñaki Ostolaza (Zumaiako alkatea), Ainhize Azpiazu (Mutrikuko alkatea eta Geoparkeko presidentea, Karmah Salman (REGM-ko koordinatzailea), Isabel Ortega (UNESCOrekin Lankidetzarako Espainiako Batzorde Nazionaleko idazkari nagusiaren ondokoa), Clara Navas (Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria) eta Adolfo Uriarte (Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketara Egokitzeko zuzendaria). UNESCOren Ekologia eta Lurraren Zientzien Dibisioko Lurraren eta Geoparkeen Zientzien Sektoreko buru Kristof Van den Bergehek aurrez grabatutako bideo baten bidez esku hartu zuen.

Ondoren, Lurraren Historiaren irakurketa jarraitua egin zen, Asier Hilarioren gidaritzapean. Estatuko 18 geoparkeekin osatutako denbora-lerro geologikoaren kontakizunak interes handia piztu zuen. Jarraian, mahainguruen txanda iritsi zen. Lurraren historiaren dibulgazioa eta interpretazioa nola gauzatzen den aztertu zuten, lau gai aukeratuta: Panelak eta Geoibilbideak, Bisita gidatuak, Interpretazio-zentroak; eta, azkenik, Dibulgazio-materiala. Bukatzeko, Euskal Kostaldeko Geoparkean Interpretazioari aplikatutako neuromarketing-ikerketaren lehen ondorioak azaldu zituen Leongo Unibertsitateko ikerlari Aroa Costak.
Jardunaldia bukatuta, antzokitik atera eta Zumaia ezagutzera joan ziren parte-hartzaileak. Taldetan banatuta, Flyscha oinez ezagutzeko bisita eta euskara eta euskal kulturari buruzko ‘Euskararen enigma’ izeneko bisita gidatuaz gozatu zuten. Azken jardunaldian, landa-irteeren txanda iritsi zen: bata, Debako Historiaurreko Bailaran (HAB) ibiltzeko eta, bestea, Mutrikuko erdigune historikoa zein bertako frontoia eta zesta punta jokoa ezagutzeko.
Datorren urtekoa, Galizian
Jardunaldien atarian egin zen UNESCOren Munduko Geoparkeen Espainiako Sarearen bilera itxian erabaki zen hurrengo urteko jardunaldien anfitrioia nor izango den: Cabo Ortegal geoparkeak antolatuko du 12. edizioa.
2014. urtetik ospatzen dira Jardunaldi Irekiak, geoparkeen arteko loturak sendotu eta beren lana ikustarazteko helburuarekin.
