2026-11-03
UNESCOren azterketa arrakastaz gainditu ondoren, Geoparkeak “Txartel Berdea” eskuratu du
Geoparkeak Munduko Geoparke izendapenari eutsiko dio beste lau urtez, UNESCOk oniritzia emanda. Nazioarteko erakundeak gaur eman du bere erabakiaren berri, Parisen (Frantzia) egiten ari den UNESCOren Munduko Geoparkeen Kontseiluaren 11. bilkuran. Aurrekoan bezalaxe, kalifikaziorik altuenarekin gainditu du azterketa Geoparkeak eta ‘Green Card’ delakoa eskuratu du ikerketa zientifikoan, kontserbazioan, hezkuntzan eta natura-turismoan egindako lanagatik. Geoparke "sendo eta osasuntsu" gisan definitu dute IUGSeko adituek.
Laugarren aldia da Euskal Kostaldeko Geoparkeak Munduko Sarean jarraitzeko babesa beste lau urterako berritzea lortzen duela, eta oraingo honetan ere adituek ez dute inolako neurri zuzentzailerik identifikatu. Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzaileak adierazi duenez, “berrespen honek berme bat ematen dio Geoparkeari. Hainbeste urte eta gero, geoparke sendo bat bihurtu garela jasotzen du UNESCOko ebaluatzaileen txostenak; bertako agenteen inplikazioa eta gure estrategia errealista bezain asmo handikoa goraipatzen dituzte”.

Debako, Mutrikuko eta Zumaiako Udalek, Geoparkea osatzen duten hiru udalerriek, pozik hartu dute albistea. Mutrikuko alkate eta Geoparkeko presidente Ainhize Azpiazuk adierazi duenez: “Laugarren berrespena izateak ez dio garrantzirik kentzen; aitorpen horren atzean lorpen hori ahalbidetu duten pertsona, erakunde, enpresa eta erakunde askoren lan eskerga dago”. Debako alkate Alazne Txurrukak “Errekonozimendu honek gure lurraldea babesteko eta bere garapena sustatzeko lanean jarraitzera animatzen gaitu”, azpimarratu du. Iñaki Ostolazak, Zumaiako alkateak, izendapenaren harira zera esan du: “UNESCOren aitorpenak gure ikuspegia berresten du eta Geoparkearentzat etorkizun bikaina lortzeko daukagun itxaropena berritzen laguntzen digu”.
Leire Barriusok Euskal Kostaldeko Geoparkeko bidelagun guztiak zoriondu eta euren ezinbesteko kolaborazioa eskertu du. “Zorionak eta eskerrik asko ibilbide luze honetan Geoparkearen ondoan egon diren guztiei (herritarrak, elkarteak, enpresak, udaletako ordezkariak, alkateak..) denon artean lortu baitugu ebaluazio hau gainditzea. Guztion lanaren emaitza izan da eta bultzada ematen digu beste hainbat urtetan lanean jarraitzeko”, adierazi du Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzaileak.

Pasa den maiatzaren 10etik 13ra bitartean egin zen UNESCOko adituen azterketa. Emmaline Rosado-González (Mexikoko Mixteca Alta Geoparkea) eta Alexandru Andrasanu (Errumaniako Hateg Geoparkea) ebaluatzaileak izan ziren Euskal Kostaldeko Geoparkearen azken lau urteotako kudeaketa eta aurrerapausoak aztertzeko ardura izan zutenak. Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatu zituzten, lau egunez, eta tokiko zein Euskal Herri mailako eragile eta erakunde ezberdinetako ordezkariekin elkartzeko aukera izan zuten.
UNESCOko ebaluatzaileen Geoparkeari buruzko txostenak nabarmentzen duenez, “Euskal Kostaldeko UNESCO Munduko Geoparkea geoparke sendoa da, gobernantza irmoa, kudeaketa-talde ona, geozientifiko bikainak eta finantza-egoera egonkorra dituena, eta tokiko, probintziako, eskualdeko eta nazioarteko inplikazio handia duena”.
