2019-04-01
Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak asteburuan eman dio hasiera bisita gidatuen denboraldi berriari Deban, Mutrikun eta Zumaian.
2019ko Bisita Gidatuen programa urte amaierara arte luzatuko da. Guztira 17 bisita gidatu desberdin daude aukeran adituak diren gidarien azalpenekin lagunduta Geoparkea ezagutu eta deskubritzeko, oinez zein itsasontziz. Proposamen hauek guztiak bisita gidatuen liburuxka berrian daude jasota; liburuxka eskuragarri dago Euskadiko turismo bulegoetan.
Nabarmentzekoa da Deba eta Zumaia lotzen dituen itsas ibilaldi gidatuaren maiztasuna handitu egin dela. Kostaldeko GR-121 Talaia ibilbidea oinez egin nahi dutenentzat abiapuntura itzultzeko aukera bikaina da. Debako pantalana jadanik jarrita dago, neguan kendu egiten baita, eta asteburuan hasi da zerbitzua ematen, Zumaia-Deba itsas ibilaldia egiten duten bidaiariak jasoz. Bi herrien arteko itsas bidaiak ordubeteko iraupena du eta Geoparkeko flyscha miresteko aukera ezin hobea eskaintzen du. Itsas irteera zentzu batean zein bestean egin daiteke, beti ere, adituak diren gidarien azalpenekin lagunduta.
Hain zuzen ere, Geoparkeko bisita gidatuen bederatzigarren denboraldiari hasiera emateko helburuarekin, atzo igandez Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatutako irteera gidatuak ia 40 lagun elkartu zituen Deban. Debatik Zumaiara GR-121 ibilbidea oinez osatu ostean, taldeak itsasontziz egin zuen itzulerako bidea (ikusi argazkia).
Bestalde, Geoparkeko bisita gidatuen eskaintzaren barruan, euskal itsas ondarearen harribitxi den “Arrietakua Jauregia” ezagutzeko aukera ere bada. Mutrikun XVIII. mende hasieran eraikia, jauregiak Interes Kulturaleko Ondare izendapena du eta Gipuzkoan ondoen gordetzen den ondare-baliabideetako bat da. Jauregia Mutrikuko Hirigune Historikoan dago, 1995az geroztik monumentu multzo izendatua. Gaurdaino bertan bizi izan da familia eta bere horretan mantendu da.
Jauregia iazko ekainean zabaldu zen jendaurrera eta orduz geroztik ia 800 lagunek bisitatu dute. Bisita honek Euskal Kostaldeko Geoparkearen kultur eskaintza osatzen du, balio historiko-artistiko handia duen baliabidea gehituz.
Halaber, Geoparkeak ohiko bisita gidatuak eskainiko ditu: barnealdeko bailara ezkutuak ezagutzeko ibilbideak, kutsu zientifikoagoa duten irteerak, familiartean egiteko proposamenak... Bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dira, eta eskaera handiagoa den irteeretan audio-gidak daude eskuragarri ingelesez, frantsesez eta baita alemanez ere.
Bisita gidatu hauek guztiek Geoparkeak gordetzen duen balio natural, geologiko eta kultural garrantzitsua ezagutaraztea eta gizarteratzea dute helburu.
Bisita gidatuak ia egunero Aste Santutik aurrera
Apirilaren 4tik aurrera, Aste Santuko oporren atarian, Geoparkeak bisita gidatuak eskainiko ditu ia egunero. Urteko egutegia urte osoan zehar luzatuko da, abenduaren 29ra bitarte.
Bisita gidatuei buruzko informazio osoa Geoparkearen webgunearen bidez jaso daiteke, baita erreserbak online egin ere modu erraz eta erosoan.