Geoparkeko interesgune nagusiak ezagutzeko irteera batekin emango zaie bukaera Geodibertsitate Jardunaldiei

2017-11-24

Gaur, ostiralez, amaituko dira Euskal Kostaldeko Geoparkean burutzen ari diren Euskadiko III. Geodibertsitate Jardunaldiak, Geoparkeko interesgune nagusiak ezagutzeko irteera gidatu batekin,Deban, Mutrikun eta Zumaian.

Geodibertsitatearen eta ondare geologikoaren kudeaketa egokia eta EAEko 2020rako Geodibertsitate Estrategiaren sustapena dituzte ardatz nagusi asteazkenean hasi, hilak 22, eta gaur arte luzatuko diren Euskadiko III. Geodibertsitate jardunaldiek. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Geoparkeak elkarlanean antolatuta, EHUren eta Euskal Geologoen Elkargoaren laguntzarekin, gaur emango zaie bukaera irteera gidatu batekin. Goizeko 9:00etan abiatu dira ibilaldian izen eman duten ia 40 lagunak. Geoparkeko interesgune nagusiak ezagutzeko aukera izango dute, Deban, Mutrikun eta Zumaian. Geoparkeko itsaslabarrak deskubritzeko itsas-ibilaldia egin ostean, Elorriaga eta bertan kokatua dagoen Baratzazarrak behatokia, Lastur eta Mutrikuko Nautilus Zentro Geologikoa ezagutzeko aukera izango dute.

Lehen saio irekia

Jardunaldien lehendabiziko egunean, Oier Korta Zumaiako alkateak, Pedro Bengoetxea Geoparkeko presidente eta Debakoa alkateak eta Aitor Zulueta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak eman zieten hasiera jardunaldiei.

Jarraian, hitzaldiak egin ziren, gaian aditu diren bost hizlariren eskutik. Luis Carcavilla (IGME) izan zen lehena hitza hartzen, geokontserbazioaren arloan mundu mailako erreferenteetako bat. Carcavillak ondare geologikoaren balioa eta interesa dibulgatzearen eta aprobetxatzearen alde egin zuen, beti ere, babesa helburu izanik. Ondoren, Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak EAEko Geologia Interesguneen inbentarioa osatzeko aurrera eramandako prozesua azaldu zuen eta nabarmendu zuen Euskadin lehen mailako ondare geologikoa eta geodibertsitatea daukagula. 

Kafe tartearen ostean, EHUko irakasle Arantza Bodegok GIGen mugak izan zituen hizpide eta mahai gainean jarri zuen muga hauek eragindako zenbait arazo; halaber, GGIen kartografia geologikoa egitearen beharra adierazi zuen. Bere hitzaldiaren ondoren, Eusko Jaurlaritzako abokatu Javi Morenok GIGekin loturiko araudiaren gaineko argibideak eman zituen. Eta, amaitzeko, Gorka Arana Eusko Jaurlaritzako Ingurumen teknikariak EAEko Geodibertsitate-estrategiaren lerro nagusiak azaldu zituen eta Estrategia honen baitan azken urteotan egin diren jarduerak aipatu zituen, horien artean, 2017an Euskal Kostaldeko Geoparkearekin sinatuko duten hitzarmen berria, ingurumen-jardueretarako.

 

Profesionalen arteko lan-mahaiak

Atzo, osteguna, jardunaldien bigarren egunean, geoturismoan, hezkuntzan eta EAEko geodibertsitatearen dibulgazioan lan egiten duten profesionalen eta eragile publiko eta pribatuen arteko bi lan-mahai egin ziren, Zumaiako Alondegia Kultur Etxean. Lehendabizikoan, geoturismoaren gaia landu zuten,  oinarriak eraiki, lehentasunak identifikatu eta EAEn geoturismoa bultzatzea helburu hartuta. Bigarren lan-mahaian geodibertsitatearen dibulgazioa eta hezkuntza-eremua izan zituzten lanerako gai. Batean eta bestean 30 bat lagunek parte hartu zuten.

 

Parte-hartze handia

Guztira, jardunaldietan 120tik gora lagunek parte hartu dute. Askok euren inpresioak jaso eta zabaldu zituzten sare sozialetan #GeoEuskadi2017 traola erabiliz.

Geoparkeak parte-hartzaile guztiei eskerrak eman nahi dizkie, jardunaldietara bertaratzeagatik eta parte hartzeagatik.

 

 

Geoparkeko interesgune nagusiak ezagutzeko irteera batekin emango zaie bukaera Geodibertsitate Jardunaldiei