Euskal Kostaldeko Geoparkea, National Geographic-eko 'Eguneko argazkia' (M. Subirats)

2017-01-26

Astelehenean, hilak 23, National Geographic ospetsuaren webguneak “Photo of the day” (Eguneko argazkia) deritzon atalean Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen argazki bat argitaratu zuen, M. Subirats argazkilariak Deban ateratakoa. 

National Geographic ospetsuaren webguneak egunero mundu osoko argazki ikusgarri bati eskaintzen dio “Photo of the day” (Eguneko argazkia) deritzon tartea, eta pasa den astelehenean, hilak 23, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen argazki bat argitaratu zuen, zehazki, M. Subirats argazkilariak Sakonetan (Deban) ateratakoa.

Geoparkeko flyscharen edertasuna erakusten du argazkiak eta azpian irakur daitekeen testuak euskal kostaldean ditugun paisaia ikusgarriak aipatzen ditu, horien artean Euskal Kostaldeko Geoparkea, “itsasora zuzenean erortzen diren labar hauetan Lurraren milioika urtetako historia irakur daiteke”. Halaber, testuak UNESCOren Europako eta Munduko Geoparkeen Sareari aipamena egiten dio, izan ere, Euskal Kostaldeko Geoparkea Sarearen barruan dago 2010az geroztik.

Euskal Kostaldeko Geoparkea (Mutriku, Deba eta Zumaia)

Debak, Mutrikuk eta Zumaiak osatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkea. 2010az geroztik, Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kidea da, eta 2015eko azaroan UNESCOren Munduko Geoparke izendapena eskuratu zuen. 

Euskal Kostaldeko Geoparkeak aparteko ondare geologikoa, naturala eta kulturala du eta turismo jasangarri eta geoturismo eskaintza zabala eta berritzailea eskaintzen du. Geoparkeko kostaldean, 13 kilometroko itsaslabarrek haitz-geruzek osatutako formazio geologiko ikusgarria gordetzen dute, flysch izenekoa. Liburu baten antzera, Lurraren historiaren 60 milioi urte baino gehiago irakur daitezke bertan. Barnealdean, berriz, karstaren mundua aurki dezakegu, gure arbaso urrunenen bizileku izan ziren bailara eta mendi berdez osatua.

Egunotan Geoparkeak astebururo ditu bisita gidatuak, bertako herritar zein bisitariei Lurraren historia zirraragarria, paisaiaren edertasuna eta hiru herrietako kultura hurbiltzea helburu dutenak.

*Argazkia: National Geographic - M. Subirats

Euskal Kostaldeko Geoparkea, National Geographic-eko 'Eguneko argazkia' (M. Subirats)