2015-12-21
Algorri Interpretazio Zentroa Zumaiako natur baliabideak ezagutzera emateko helburuarekin jaio zen eta 10 urte bete ditu aurten. Bertako lan-taldeak hamar urte hauetan Algorrik izandako ibilbidea azaldu digu eta etorkizunerako asmoen berri ere eman digu.
10 urteko ibilbidean 112.000 pertsona pasa dira zentrotik eta gure ekarpen nagusia Zumaian dauden naturguneak eta ondare geologikoa ezagutzera ematea izan da. “Heziz ulertu, ulertuz errespetatu” leloak dioen bezala, ezin da maitatu ezagutzen ez dena, eta guregana hurbiltzen diren heldu zein gazteei ezagutza hori esperientziaren bidez eskaini nahi diegu.
Urtetik urtera bisitariaren ezagutza handiagoa dela ikusten dugu, eta oso pozgarria da, gaiarekiko interesa piztu duen komunikazio eraginkorra egin dela ulertzen baitugu. Bisitarien profil nagusia euskalduna eta Estatu mailakoa da, ikasleen kasuan Bigarren Hezkuntzakoa eta helduen kasuan, turismo familiarra. Batean zein bestean, %50a emakumezkoa da, eta %50a gizonezkoa. Azken urteko joera Kataluniatik eta Iparraldetik gero eta talde gehiago izatea da.
Dudarik gabe. Flyscha protagonista bilakatu da azken urteetan hedabideetan izan duen oihartzunagatik. Paisaia honen edertasunagatik oso ezaguna zen ingurua, baina orain bere ondare geologikoarekin lotzen da.
Geologia modu erakargarrian eskaintzen zaie. Egun batez ikertzaile izango dira, laginak esku artean izan, paisaia irakurtzen ikasi eta flyschak gordetzen dituen sekretuak ezagutu… Adinari egokituriko programak eskaintzen ditugu baina osagai batzuk beti errepikatzen dira: inguru naturalarekin kontaktu zuzena, azalpenak modu praktikoan lantzeko aukera izatea, eta ikasleei galderak luzatzea… norberak erantzunak bilatu ditzan… Oinezko irteera egin ondoren, ikasgelan landutako hainbat kontzeptu abstrakto ulertzen dituzte, “in situ” ikusteko aukera izan dutelako.
Zumaiako haurrek bi programa didaktiko lantzen dituzte doan: bat, Lehen Hezkuntzan, eta bigarrena, Bigarren Hezkuntzan. Bestetik, hilero doako ekintzak eskaintzen dira Zumaiako familientzat: hilabeteko lehen larunbatean, herriko jaietan eta haurren opor garaietan. Ekintza hauen bidez gai ezberdinak lantzen dira: Zumaiako bizidunak, sendabelarrak, berrerabilpena, etab. Gure helburua herriko ondare natural eta geologikoaren ezagutza sakona bermatzea da. Helduen artean, denetarik dago noski, botikan bezala! baina azken urteetan egindako komunikazio lanak bere eragina izan duela uste dugu.
Gure erronka kalitatezko zerbitzua eskaintzea da, eta horretarako gure baliabide nagusia lan taldea da. Arazi enpresako lan talde zabal eta anitzak parte hartzen du Algorri Interpretazio Zentroko proiektuan. Geologia, biologia, ingurumen zientziak, turismoa, komunikazioa, diseinua, enpresa kudeaketa, magisteritza… ikasketak dituzten pertsonek osatzen dugu Algorriko lan taldea. Urtetik urtera jende gehiagorengana iritsi eta Zumaiak dituen baliabide naturalak ezagutzera ematea da gure helburu nagusia.