Zumaiari bira

Distantzia: 18,5 km

Iraupena: 5 ordu

Zumaiako Indamendi elkarteak urtero egiten duen “Zumaiari bira” ibilbidean oinarrituta dago. Oso ibilbide erosoa da, zementuzko eta asfaltozko bideetan zehar doa gehienbat, eta ezin hobeto biltzen ditu kostaldearen eta barnealdearen alderdirik erakargarrienak. Ibilbidean zehar bi aldiz gurutzatzen da Urola ibaia, eta zenbait landa-auzo zeharkatzen dira: Artadi, Oikia, Ibañarrieta eta Elorriaga. Mendi eta baserri ingurunea zeharkatzen ditu, eta guk erlojuaren orratzen norabidean egitea proposatzen dugu, ibilbideak dituen aldapak alderik errazenetik igoz. Ibilbide hau mendiko bizikletan ere egin daiteke. Dena den, erosoago izan dadin, ibilbidea hemen proposatutakoaz bestelakoa egin daiteke bi zati txikitan: erdibidean, hobe da Arroara joan eta geroxeago hortik jarraitzea; eta ibilbidearen azken zatian, zuzenean Zumaiara doan pista asfaltatuari jarrai diezaiokegu.